2024ko urriaren 26ko gauean, eraso bandalikoa jasan zuen Aralarko San Migelen santutegiak: ate nagusia erre zuten. Horren aurrean, ateak eskuz eta modu altruistan eraberritzeko prest azaldu zen Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria, ulertuta «Euskal Herri osoaren kontrako erasoa» zela hura, eta hori izan zitekeela «gizarte zibil gisa erantzuna emateko modua».
Hartutako konpromisoa beteta, hilabeteko epean eraberritu ditu ateak Albaolak, eta modu berezia aukeratu dute santutegira bueltan eramateko: idiek tiratutako gurdian, eta erromesaldi herrikoia lagun. Astelehenean atera zituzten ateak Albaolatik, eta Pasai San Pedroko parrokiara bitarte egin zuten aurreneko zatia oinez, sinbolikoki. Ondoren, idiak, gurdia eta ateak ibilgailuz eraman zituzten Astigarragara, eta bertan hasi zuten erromesaldia, goizeko 10:00ak aldera, Foru Plazatik abiatuta. Hernanitik pasa ziren ondoren, Urnietara eta Andoainera bidean. Villabonan bukatu zuten aurreneko etapa hori, 15 kilometrokoa. Herritar ugari batu zitzaizkien bidean, erromesaldian laguntzeko; eta etapa gehiagotan ere parte hartzeko konpromisoa erakutsi zuten zenbaitek.
Horien artean daude bost hernaniar: Marijo Mendiola, Julio Guerrero, Loli Izagirre, Koldo Otxandorena eta Koro Izagirre. Erromesaldia osorik ari dira osatzen, egunero Hernanitik joan-etorria eginda etaparen hasierako herrira. Haiekin hitz egin zuen Kronikak Etxarri Aranatzen, bertara iritsi berritan; eta oso pozik agertu ziren orain arte bizitakoarekin: «Abentura ederra ari da izaten, eta oso oso esperientzia polita. Sekulako harrera egin digute herri guztietan, jendea kale bazterrera gerturatuta eta elizetako kanpaiak etengabe joz». Gaur eta bihar ere Sakanan izango dira, hutsik egin gabe, azkeneko bi etapetan santutegiko ateen bidelagun izateko.
86 kilometro, zazpi etapatan
Denera, 86 kilometroko erromesaldia da egingo dutena, zazpi etapatan banatuta; eta Gipuzkoako eta Nafarroako 21 herri zeharkatuko dituzte, bihar eguerdi partean santutegira iristeko.Villabonatik Tolosarako bidea egin zuten asteartean, Lazkaora iritsi ziren asteazkenean, eta Ataungo San Gregoriora ostegunean. Bertatik, Lizarrusitiko gainera igo ziren atzo goizean, eta orduan sartu zen erromesaldia Nafarroan, eguerdian, Etxarri Aranatzera iristeko.
Sakanan barrena osatuko dute seigarren etapa gaur, Uharte Arakilera iristeko. 9,2 kilometroko etapa egingo dute, goizeko 09:00etan abiatuta. Arbizutik (09:45), Lakuntzatik (10:15) eta Arruazutik (11:00) pasako dira, eta eguerdiko 12:00etarako espero dute Uharte Arakilen izatea.Atsedena beharko dute idiek zein erromesek, bihar goizean osatuko baitute santutegirako igoera osorik: 10,7 kilometro dira, ia 900 metroko desnibel positiboarekin. Goizeko 09:00etan abiatuko dira herritik, eta NA-2410 errepidean gora egingo dute santutegirako bidea.
Ateen itzulera ospatzeko, jardunaldi berezia antolatu dute Aralarko San Migelen bertan. Eguerdiko 12:00etan hasiko da, santutegiko ate berriak jartzearekin. Horren ondoren, eukaristia izango da, Mikel Garciandia gotzaiak gidatuta, Iruñeko katedraleko musika-kaperarekin. Eukaristia bukatuta, 13:30ak aldera, bedeinkatuko dituzte duela gutxi zaharberritutako Trinitate Baseliza eta ate berriak. Eta eguna jai giroan bukatzeko, pintxoak eta dantza tradizionalak izango dira.
'Mundu berri baterako ateak' proiektua, lotura-keinu bat
Urriaren 26ko eraso hark, «zatitu beharrean, lotura-keinu bat sortu zuen», santutegitik nabarmendu zutenez. Albaolaren deiak «argitasun pixka bat ekarri zuen iluntasunean», Mikel Garciandiak berak egunotan aditzera eman duenez. Horrela sortu zen 'Mundu berri baterako ateak' proiektua.
Ontzigintza tradizionaleko teknikak baliatu dituzte ate berriak egiteko, eta Sakanatik ekarritako haritz egurra erabili dute, San Joan baleontzia eraikitzeko erabili zuten berbera. Horrela, «pieza fisiko bat ez ezik, historiaz eta zentzuz betetako egiteko modu bat» ere berreskuratu dute.
Erabat artisaua izan da lana, eta jendaurrean egin dute, «esanahiz betetako ondare berreskuratze esperientzia ireki bihurtuz». Astelehenean erromesaldia hasi zuten arte, ateak ikusgai egon ziren Albaolako bisitarientzat. Aste honetan zehar, berriz, makina bat herritan izan dute ateak ikusteko aukera, eta oraindik ikusi ez dutenek, hitzordu polita dute bihar Aralarko San Migelen santutegian.