Ander Amonarriz eta Agerre, hirugarren Euskal Herriko Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 12a, 00:00

Galdamesen jokatu zen pasa den asteburuan txapelketa eta podiumeko hirugarren lekura igo ziren.

Ander Amonarriz hernaniarrak hirugarren amaitu zuen pasa den asteburuan, Euskal herriko Mendi lasterketan. Galdamesen (Bizkaia) jokatu zen txapelketa eta ibilbideko 34 kilometroak 3 ordu eta zortzi segundutan egin zituen. Gainera, Amonarriz kide den Agerre taldeak ere hirugarren postua lortu zuen taldekako sailkapenean. 

Euskal Herriko txapeldun berria Asier Azkarate arrasatearra izan zen 2h53:18 denborarekin. Bigarren izan zen Oier Zubeldia amezketarra (2h57:22). Bitxia izan zen lasterketa amaiera Oier Zubeldia galdu egin zen Azkarateren aurretik zenean, eta bigarren postura pasa zen gero minutu onak galduta. Arrasatearraren eta amezketarraren arteko lehia estua izan zen. 

Bailarako lasterkarien artean nabarmentzekoa da baita Sergio de Oliveiraren hamargarren postua Euskal Herriko Txapelketan hiru ordu, 10 minutu eta 28 segundurekin. Agerre taldea osatu zuten Ander Amonarriz, Jokin Tolosa, Jon Murua, Ander Pérez, Xabat Pagola eta Xabat Alonso lasterkariek. 

 

Hodei Lujanbio garaile Ubidetroi mendi eta Intxixu trail lasterketan

Goizuetarrak maiatzaren 31n lortu zuen garaipena Bizkaiako lasterketan eta pasa den igandean Oiartzungoan.

Hodei Lujanbiok beste bi garaipen lortu berri ditu Ubideko Ubidestroi Mendi Lasterketan eta Oiartzungo Intxixu Trail lasterketan. Maiatzeko azken egunean eta Zegama Aizkorrin parte hartu eta astebetera, Gorbeia inguruetako mendietan barrena azkarrena izan zen Lujanbio 22 kilometroko ibilbide motzean. Bi ordu, 18 minutu eta 35 segunduko denbora behar izan zuen lasterketa amaitzeko. 300 lasterkari baino gehiago lehiatu ziren 29 kilometroko eta 22 kilometroko lasterketetan.

Hortik zortzi egunera, hau da, pasa den igandean garaipena errepikatu zuen, baina oraingo honetan etxetik gertu. Lasterkari goizuetarra Oiartzunen bizi da eta herrikideen aurrean X. Intxixu Trailen irabazle izan zen. 

Dortsal guztiak aspaldi salduak zituzten antolatzaileek. Arrakastaren zati bat, beraz, 250 korrikalariak lehian hasi aurretik bazuten. Lasterketa hasi eta bukatu Ergoiengo Uztapide plazan egin zen, eta lasterketaren 16 kilometroak osatu zituzten Aiako Harri Parke Naturalean.

Esan daiteke ongi irabazi zuela Lujanbiok. Goizuetarrak ordubete, 16 munutu eta 22 segunduko denborarekin, minutu eta hamalau segunduko aldea atera zion haren segidan iritsi zen Josu Urrestarazuri. Azken kilometroak lasai egiteko aukera izan zuen. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!