Astigarragan eta Hernanin sortzaileen azokak izango dira igande honetan Tomas Alba kalean, Emakumeon Plazan eta Plaza Berrin. Astigarragakoa Gazte Asanbladak bosgarren urtez antolatu du, sortzaileei aukera eta espazio bat emateko. 11:00etatik 18:00etara postuak jarriko dira Tomas Alba kalean eta Emakumeon Plazan. Bukatu ondoren zozketa eta kontzertua antolatu dira.
Eta ez da nolanahiko azoka izango, izan ere, iazko azokan inoiz baino postu gehiago jarri zituzten, zehazki, 51 postu, aurreko hiru edizioetakoen bikoitza. Aurtengo azoka ere arrakastatsua izatea espero dute, mota ezberdinetako postuz osatutakoa, hain zuzen. Giro ona ziurtaturik izango da.
Azoka amaituta Emakumeon Plazan zozketa egingo dute, azokan erosi dutenen artean; eta kontzertua izango da segidan. Astigarragako Gazte Asanbladak azaldu du azokarekin lortu nahi duena dela: «gertuko kontsumoa bultzatzea eta kapitalismotik urruntzea».
Hernanin hamaika postu jarriko dira
Hernanin ere bueltan da Hernaniko Sortzaileen Azoka, eta Plaza Berri hartuko du igande goizean, 11 posturekin. Goizeko 10:00etan hasi, eta lau orduz izango da aukera, arratsaldeko 14:00ak arte, sortzaileen artisau lanak bertatik bertara ikusi eta eskuratzeko. 10:00etatik 12:00etara haurrentzako marrazki lehiaketa izango da.
Oso produktu bereziak izango dira aukeran azokan, honako sortzaileen eskutik: Ni Naiz, Laupitxiak, By Olariz, Irune, Artilan, Pittike, Amaur, Zubietako Taloak, Sigue la estela, T&C Puppy eta MC Zelabide.
Igande atsegina pasatzeko aukera izango da eta bide batez produktuak erosteko momentua izan daiteke San Joanen aurretik. k