Gomazko paletan, Astigarraga Herriarteko Txapelketaren semifinaletara sailkatu da, final laurdenetan Azkoitia 4-2 kaleratu eta gero. Joanekoaren abantailari eutsi bakarrik ez, bueltakoan Txomiñenean ere nagusi izan ziren astigartarrak, bi partidu irabazi eta bakarra galduta.
Lehen norgehiagoka galdu egin zuen Xabier Salaberriak, Epelderen aurka, 20 eta 11. Aldiz, Mikel Txoperenak eta Beñat Zubiarrainek 20 eta 7 irabazi zuten binakako partidua, Azpirozen eta Larrañagaren kontra. Lehia estua izan zen hirugarrena, zazpigarren koadroren barruko banakakoa, baina Ganix Urdangarinek partidua aurrera atera zuen, tanto bakarreko aldearekin (20-19), Aizpururen kontra.
Orain, finalerdietan, Aiaren eta Astigarraren arteko kanporaketa jokatuko da. Lasarte-Oria kanporatu dute aiarrek erraztasun haundiz, eta aurkari oso gogorra izango da. Bigarren finalerdia Andoainek jokatuko du, Debaren aurka.
Amaia Irazustabarrena Gipuzkoako txapeldun, 5 t'erdian
Bestetik, Hernanin jokatu ziren bost t'erdiko Gipuzkoako Txapelketaren finalak, larunbatean. Guztira lau final izan ziren, eta nagusien lehenengo mailan, hernaniarren arteko finalean, Amaia Irazustabarrenak nagusitasunez gainditu zuen Enara Macicior (25-9). Oso lehiatua izan zen partidua hasieran, baina gero Macicior baino gehiago izan zen Irazustabarrena, eta aldea nabaria izan zen markagailuan.
Beste finaletan ez zegoen hernaniarrik. Jubeniletan, lehenengo mailan, Aldazabalek (Behar Zana) 25-19 gainditu zuen Lasa (Behar Zana). Jubenilen bigarren mailan, Luluagak (Intxurre) 25-17 irabazi zuen Irazustaren (Behar Zana) kontra. Eta nagusien bigarren mailan, Balerdik (Beotibar) 25-18 lortu zuen garaipena, Aranburu taldekidearen aurka.
Eizmendi eta Macicior, azpitxapeldun Euskadikoan
Irungo Ramuntxo Berri trinketean, berriz, Nahia Eizmendik eta Enara Maciciorrek ezin izan zuten Euskadiko 22 urtez apziko txapela jantzi. Finalean 30-13 galdu zuten, Saezen eta Zulaikaren aurka. Partidu zaila zeukaten, eta nagusi izan ziren aurkariak.