Hernani Herriarteko finalerdietara sailkatu da Zaldibia kanporatuta, eta Beasain izango du aurkari

Kronika - Erredakzioa 2025ko eka. 10a, 00:00

Ekhi Oses hernaniarra eta Oier Galarraga astigartarra, Zaramagako txapelekin.

Hernaniarrek bi aldeketa egin zituzten taldean, eta nahiz eta bueltakoan 2-1 galdu Zaldibian, 4-2 irabazi zuten final laurdenetako kanporaketa, pasea berehala ziurtatuta. Beste finalerdia Oiartzunek eta Zestoak jokatuko dute.

Hernanik Herriarteko Txapelketaren finalerdia jokatuko du, final laurdenetan Zaldibia 4-2 garaitu eta gero. Zaldibiko Resti frontoian jokatu zituen itzulerako partiduak, eta bertan 2-1 galdu arren, lortu zuen kanporaketa gainditzea. Joanekoan hiru partiduak irabazi zituzten hernaniarrek, eta beraz, ez zuten arazorik izan finalerdietara pasatzeko. Semifinalean Beasain izango du aurkari Hernanik, eta beste finalerdia Zestoak eta Oiatzunek jokatuko dute.

Joanekoaren 3-0ekoaz gain, tanteoan ere abantaila haundia zuen Hernanik, baina ez zuen horren beharrik izan. Lier Zugasti eta Oier Arsuaga kadeteek 22-12 irabazi zuten Arreseren eta Mantzisidorren kontra, eta erabakita utzi zuten kanporaketa. Beste bi partiduetan, Hernanik bi aldaketa egin zituen. Honela, Manex Alberdik Ekhi Oses ordezkatu zuen jubeniletan. Zaldibiak kanporaketako lehenengo puntua eskuratu zuen, 22-12 irabazita. Eta nagusietan ere Zaldibiak lortu zuen garaipena (22-11). Horretan, Markel Lizeagaren ordez Josu Altunak jokatu zuen, Xabier Apaolazarekin.

Finalderdietan, Beasainen jo­katuko dituzte joaneko partidu­ak, datorren ostiralean edo la­run­batean; eta bueltakoak izango dira Hernaniko frontoian.

Oier Galarraga eta Ekhi Oses, txapeldun Zaramagan

Bestalde, Oier Galarraga astigartarrak eta Ekhi Oses hernaniarrak Zaramagako torneoa irabazi dute, kadeteetan, finalean Leitzako Baleztena eta Aurrerako Ugartemendia 22-15 menderatuta.

Amorebietan jokatzen den Master Kaiola txapelketan, ordea, Beñat Apezetxea goizuetarrak ezin izan zuen txapela jantzi. Finalean 22-19 galdu zuen Ekhi Iribarriaren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!