Maila bikainean aritu zen Aner Miner, joan den larunbatean, Euskadiko Txapelketan. Donostian jokatu zuten, Ategorrietako bolatokian, eta txapeletik brila bakarrera geratu zen ereñotzuarra: 71 bota zituen berak, eta bat gehiago Iosu Lazkano donostiarrak (72), gizonezkoetan garaipena lortzeko. Donostian geratu zen emakumezkoen txapela ere, Olatz Larrañagak lortu baitzuen garaipena, 66 brilarekin.
Pare-parean izan ziren Miner eta Lazkano, aurreneko txandan, 36na brila botata. Seiko tiraldiak egin zituen denak ereñotzuarrak, eta donostiarrak, bosteko batekin hasi arren, zazpiko beste bat lortu zuen Minerrekin berdintzeko. Txapelen lehian zen Joxe Mari Etxebeste astigartarra ere, 35 brilarekin. Bigarren txandan, ordea, pattal aritu zen astigartarra: 22 brila bota zituen, eta 14garren postura erori zen, denera 57 brila lortuta.
Aner Minerrek bere mailari eutsi zion, baina bostekoa egin zuen aurreneko tiraldia, eta beste guztiak seikoak egin arren, ez zen nahikoa izan: Lazkanok seikoak egin zituen den-denak, eta berak jantzi zuen txapela. Iñaki Maiz izan zen hirugarren, 69 brilarekin.
Urumea bailarakoen artean, Mikel Arroio (67) seigarren izan zen azkenean, bigarren tiraldian bereziki ondo arituta; eta 16garren sailkatu zen Ibon Miner (56).
Aldeak askoz ere haundiagoak izan ziren emakumezkoetan, eta nabarmen nagusitu zen Olatz Larrañaga, bi tiraldi bikainekin: 32 aurrenekoan, eta 34 bigarrenean. 20 brila atzetik sailkatu ziren hurrengo biak, 46 brilarekin: Goretti Beloki bigarren eta Bego Perez hirugarren.
Orain, txapelketa ofizialen egutegian etenaldia izango da udaran, eta festetako tiraldietan ariko dira bolariak. Urrian ekingo diete txapelketei berriro, Taldekakoarekin. k