Hernanik esku pelotan eta Astigarragak palan Herriartekoaren finalaurdenetako itzulerako partiduak jokatuko dituzte gaur Zaldibian eta Txomiñenean. Hernanik Zaldibiko Resti frontoian, 18:30etatik aurrera, 3-0ko abantaila defendatuko du esku pelotan eta Astigarragak, 19:00etatik aurrera, Txomiñenean, 2-1eko abantaila izango du palan.
Beraz, bi taldeek finalerdietara sailkatzeko aukera haundiak dituzte. Joanekoan Hernanik erraz irabazi zituzten kadete eta jubenil mailako partiduak eta gogorragoa izan zen nagusien garaipena. Kanporaketa ondo baino hobeto bideratu du Hernanik, eta sorpresa haundirik ezean, finalerdietan egongo da. Zaldibian partidu bakarra irabaztea nahikoa izango da horretarako. Kanporaketa honen irabazleak Beasain edo Azkoitia izango du aurkari finalerdian.
Astigarragak ere ondo bideratuta du finalerdietarako pasea palan. Azkoitiaren aurka jokatuko dute eta abantaila baino gehiago (2-1) tanteoa da oso aldekoa, 34-48 astigartarren mesedetan. Salaberriak galdu zuen banaka 20-8, baina Txoperena-Zubiarrain bikoteak eta Urdangarinek zazpi barruan 9-20 eta 5-20 irabazi zuten, hurrenez hurren. Partidu bakarra irabazita finalerdia eskura beharko lukete, baina ez dago fidatzerik.
Oier Galarragak eta Ekhi Osesek, Zaramagako finala jokatuko dute
Txapelketa pribatuetan Ekhi Oses eta Oier Galarraga bikoteak Zaramagako finala jokatuko dute etzi, 11:00etan, Aurrerako bikotearen aurka. Kadete mailako finala izango da Gasteizeko auzoan jokatuko dena. Oier Galarraga Mundarroko pelotaria da eta Ekhi Oses CD Hernanikoa.
Bestetik, bihar 16:00etatik aurrera Hegoi Zabalak Gipuzkoako Berezkoen txapelketako finalerdia jokatuko du Villabonan infantil mailan, Behar Zanako Beñat Eizagirreren aurka.
Tilos 7 Pasan nesken finala gaur, Tilosetan
Palan Tilos 7 Pasako nesken finala gaur jokatuko da, 17:30etatik aurrera, Tilosetan. Finalean Maialen Lujanbio eta Ainhoa Urien, Eli Pagola eta Miren Artetxeren kontra. Bertso usaineko final haundia egun bat aurreratu da finalisten konpromezuengatik.
Maciciorrek, Irazustabarrenaren aurka Gipuzkoako 5 t'erdiko finala, Hernanin
Azkenik, Hernanin, kiroldegiko frontoian Gipuzkoako 5 t'erdiko finalak jokatuko dira bihar, 16:00etan hasita. Guztira lau final izango dira; jubenil mailako bi eta nagusien mailako beste bi. Gainera, Nagusien Lehenengo mailan hernaniarren arteko finala izango da. Jaialdiko laugarrenean Enara Maciciorrek, Amaia Irazustabarrenaren aurka jokatuko du. Final berdindua espero da.