Gorputzaldi gozo-gozoarekin dabil Eneko Olveira astigartarra, mendiko txirrindularitza denboraldian. Eta aurreko igandean erakutsi zuen, beste behin, Barakaldoko lasterketa irabazita, Green Series txapelketako bosgarren proba. Horrekin, gainera, txapelketaren sailkapeneko buru jarri da, tarte politarekin, bi proba falta direnean.
Hasieratik egin zuen ihes Olveirak Barakaldon, Jose Miguel Ramirez de Arellanorekin batera. Elkarrekin egin zituzten aurreneko bi itzuliak, baina hirugarrenean atzean utzi zuen iheskidea, eta zuzenean egin zuen garaipenerako bidea. Helmugan, minutu bateko aldea lortu zuen Ugaitz Arrieta bigarrenarekin, eta bi minutukoa Unax Galan hirugarrenarekin.
630 punturekin, sailkapen nagusiko lider da Olveira, eta 52 puntura dauka Ugaitz Arrieta bigarrena (578). Arrigorriagan eta Lezaman izango dira azkeneko bi probak, ekainaren 8an eta 22an.
Unax Otegi zazpigarren, Euskadiko Txapelketan
Errepideko denboraldiari dagokionean, zita garrantzitsua izan zuten junior eta kadete mailako ziklistek, Getxon. Euskadiko Txapelketako jokatu zuten bertan, eta garaipenaren lehian izan zen Unax Otegi hernaniarra, juniorretan. 30 kilometroren faltan hautsi zen lasterketa, 13 txirrindularik egin zuten aurrera, eta horien artean zen Otegi. Pike Bideko igoera erabakigarrian, ihes egin zuen Mikel Sanzek, eta beste bi ziklistarekin geratu zen Otegi, bigarren taldetxoan. Atzetik, ordea, Hector Fernandezek egin zuen ihes tropeletik, eta beste hiru iheskiderekin iritsi zen haiengana. Sanz bera ere harrapatu zuten azkenean, eta zortzikoteak jokatu zuen garaipena. Eraso bortitza jota nagusitu zen Fernandez, Josu Odriozolaren eta Beñat Sainzen aurretik; eta hiru segundura helmugaratu zen Unax Otegi, zazpigarren.