Kitto, amaitu da Euskaraldia. Pasa den igandean amaitu zen ariketaren hirugarren edizioa, eta orain ondorioak ateratzeko garaia da. Datuei zuzenean erreparatzen badiegu, egoera oso bestelakoa da Hernanin eta Astigarragan. Hernanin 1.712 norbanakok eman dute izena Euskaraldian (1.492 Ahobizi/220 Belarriprest) eta Astigarragan 789 norbanakok hartu dute parte (682 Ahobizi/107 Belarriprest). Astigarragan datuek gorakada nabarmena izan dute aurreko urteekin alderatuta; Hernanin, berriz, beheranzko joera hartu du parte hartzeak.
Egoera honen aurrean, izen emateetatik haragoko balorazioa egin du Dobera Euskara Elkarteak: «Ekintza puntualetatik kanpo dauden egitasmoen balorazio zehatzak egitea ez da erraza izaten. Izen emate kopuruan edota banatutako txapa kopuruan zentratu gaitezke, baina horiek ere ez lukete aurtengo Euskaraldiaren arrakasta zuzen neurtuko».
Nabarmentzekoa izan da Euskaraldian zehar bailarako eragile askoren inplikazioa. Herri Batzordeen eta bileren bidez antolatu dituzte jarduera guztiak, eta horrek asko aberastu du prozesua: «Auzo elkarteak, ikastetxeak, herriko eragileak, pentsionistak... bakoitzak bere aletxoa jarri du eta izugarrizko laguntza izan da guretzat. Ez hori bakarrik, bakoitzak izan duen konpromezua eta inplikazioa ere goraipatu nahiko genituzke. Beraiei esker zabaldu dugu Euskaraldia».
Hamaikakoekin gustura
Bi herrietan oso gustura geratu dira osatutako hamaikakoekin. Horietan islatzen saiatu dira euskaldun eta euskaltzale perfil anitzak, eta antolatzaileek asko estimatu dute bakoitzak bere bizipenak kontatu izana.
Hortaz, alde on eta hobetzekoekin, «pozik» geratu dira Doberako kideak lortutako emaitzarekin: «Beti gehiago egin daitekeenaren sentsazioarekin gelditu bagara ere, pozik gaude aurtengo Euskaraldiak emandakoarekin. Herriko eragileekin izandako elkarlana eta harremana goraipatzekoa iruditzen zaigu eta hemendik aurrera ere, lanean jarraitzeko ilusioa mantentzeko indarra eman digu».
Euskaraldia amaituta, euskera sustatzeko lanean jarraitzea tokatzen da orain.