Aldabe-Barrenetxea finalerdira, eta Ansa II-Zubiri play-offera

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 29a, 00:00

Sagardoaren Txapelketako finalera zuzenean sailkatu dira Urriza eta Larrañaga. Astearteko play-offerako materiala aukeratuko dute gaur.

 

Javi Urriza eta Iban Larrañaga 2025eko Sagardoaren Txapelketako saioko final haundirako sailkatu dira, Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak (Oialume Zar) txapelketako finalerdia jokatuko dute, eta Josetxo Ezkurrak eta Aritz Juaneneak (Bereziartua) eta Imanol Ansak eta Aritz Zubirik (Aburuza) izango dute jokoan, play-offean, torneoko finalaurrekoko beste postua.

Hori utzi zuen Erremontari saioko ligaxkako azken jardunaldiak, astelehenean; Galarretan, Urrizak eta Larrañagak Ansa II.a eta Zubiri menderatu zituzten, bi jokotan, 7-15 eta 14-15, eta Aldabek eta Barrenetxea IV.ak Beñat Segurola eta Xabi Azpiroz hartu zituzten mendean, bi jokotan ere, 8-15 eta 6-15.

Gaur Galarretan pelota aukeraketa izango dute, 10:30etan, asteartean play-offa jokatuko duten Ansa II.a-Zubiri eta Ezkurra II.a-Juanenea bikoteek. 

Hala, Sagardoaren Txapelketako ligaxkako azken jardunaldiko aurreneko partiduak, alegia, Petritegiko Urriza-Larrañaga eta Aburuzako Ansa II.a-Zubiri bikoteek jokatu zuten neurketak, maila bikaina izan zuen. Ansa eta Zubiri 14-7 aurreratu ziren bigarren jokoan, baina Urrizak eta Larrañagak erantzun ezin hobea eman zuten; berdindu egin zuten, lehenik, 0-7ko partziala eginda, eta, azken tantoan, jokoa poltsikoratu zuten, bai eta finalerako sailkatzea ere.

Bigarren norgehiagokan, Oialume Zarreko Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, erdietsi zuten garaipena. Lekunberriarrak eta hernaniarrak, bi jokotan irabazita, bigarren postua lortu dute ligaxkan; Segurolak eta Azpirozek ahalegin haundia egin zuten arren, Aldabek eta Barrenetxea IV.ak merezita irabazi zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!