Eguraldi ederra lagun, milaka eta milaka izan ziren, igande goizean, Zegama-Aizkorri mendi maratoiaz gozatzera joan zirenak. Eta haiek ibilbide osoan zehar piztutako giroaz gozatu zuten, barrutik, Urumea bailarako zortzi korrikalarik. Denek lortu zuten Zegamako helmugara iristea, 42 kilometroko ibilbide gogorra osatuta.
Zortzien artean, Sergio De Oliveira izan zen aurrenekoa helmugan. Astigartarrak mimoz prestatu du aurtengo edizioa, eta joan den urtean baino 12 minutu azkarrago osatu du mendi maratoia, 4:33:27 denboran. 63garren izan zen helmugan, gizonezkoen artean.
Beste bi astigartarrek ere bukatu zuten lasterketa: Aitzol Larrañagak (6:43:40) eta Libe Lafuentek (6:44:56).
De Oliveiraren ondoren, Hodei Lujanbio izan zen bailarako hurrengoa Zegaman. Goizuetarrak ezin izan zuen 2022ko eta 2024ko marka bikainetara gerturatu, baina 4:58:16 denboran osatu zuen proba, 110garren postuan. Beste goizuetar bat ere izan da aurtengoan: Egoitz Zubirik ere lortu zuen mendi maratoia bukatzea, 6:30:16 denboran.
Eta azkenik, hiru izan ziren mendi maratoia osatu zuten hernaniarrak ere. Bost orduko langa botatzea lortu zuen Jokin Uzkudunek (4:59:57), eta Lujanbio baino lau postu atzerago iritsi zen, 114garren. Jon Muruak 5:22:17 denboran bukatu zuen proba, 144garren postuan. Eta 10 minutu beranduago helmugaratu zen Ibai Alba (5:32:33), 162garren.
Gipuzkoan geratu zen emakumezkoen txapela preziatua, Sara Alonso donostiarrak (4:27:25) lortu baitzuen garaipena, Judith Wyder suitzarraren (4:29:47) eta Malen Osa oñatiarraren (4:31:18) aurretik. Lehia bizia izan zen, sei minutuko tartean iritsi baitziren aurreneko bostak. Gizonezkoetan, berriz, Elhousine Elazzaoui marokoarrak (3:43:28) irabazi zuen, Andreu Blanes espainiarraren (3:50:53) eta Daniel Pattis italiarraren (3:51:40) aurretik.