Herriarteko Txapelketaren final laurdenetan ariko dira Hernaniko esku pelotariak. Erosotasunez menderatu dute Usurbil final zortzirenetan, nahiz eta kanporaketaren azkeneko emaitzak hirunako berdiketa erakutsi. 46 tantoren aldearekin egin dute aurrera hernaniarrek, eta kadeteen partiduarekin dagoeneko ziurtatu zuten pasea ostiralean. Astigarragak, aldiz, ezin izan du Beasainen kontrako kanporaketa irauli. Joanekoan 1-2 galdu ondoren, gutxienez bi garaipen behar zituzten astigartarrek, baina porrota jaso zuten jubenil eta nagusien partiduetan, berriro ere. Txapelketatik kanpo geratu dira, beraz.
Berehala utzi zuen kanporaketa erabakita Hernanik. Joanekoan 2-1 irabazi eta 31 tantoko abantaila pilatu ondoren, bueltakoaren aurreneko partiduan lotu zuen pasea: 22-2 irabazi zuten Aratz Labaka eta Oier Arsuaga kadeteek, Jauregi eta Alejo usurbildarren kontra. Horrekin, matematikoki sailkatu zen Hernani, azkeneko bi partiduetan porrota jaso arren: 18-22 galdu zuten Manex Alberdi eta Oier Azpeitia jubenilek, eta 21-22 Xabi Apaolaza eta Josu Altuna nagusiek. Orain, iazko txapeldunordearen kontra jokatuko du Hernanik final laurdenetan: Zaldibiaren kontra.
Ez da fase horretan izango Astigarraga, Beasainen kontra galdu ondoren. Bi partidu irabazi eta 13 tantoko desabantailari eman behar zion buelta, eta ondo ekin zion kadeteen partiduarekin: 22-11 irabazi zuten Imanol Ormazabalek eta Oier Galarragak. Baina beste garaipen bat behar zuen hurrengo bietan, eta jubenilek zein nagusiek ezin izan zituzten beasaindarrak menderatu: 1-22 galdu zuten Enaitz Isasti eta Aimar Zabala gazteek, eta 17-22 Eñaut Lizeaga eta Oier Gurutzealde helduek.
Kluben artekoan ezin, Hernanik
Igandean izan zuen beste jardunaldi garrantzitsu bat Hernanik, etxean. Kluben Arteko CMO Txapelketari ekin zion, eta final laurdenetako kanporaketa jokatu zuen Azkoitiaren kontra. Ezin izan zuen aurrera egin, ordea.
Jubeniletan lortu zuen bere puntu bakarra Hernanik. Ekhi Osesek eta Oier Azpeitiak bi jokotan menderatu zituzten Arregi eta Bastida, 10-8 eta 10-4. Kadeteetan, ordea, 3-10 eta 7-10 galdu zuten Amets Makatzak eta Lier Zugastik. Eta partidu erabakigarrian, porrota jaso zuten Xuban Iturbek eta Markel Lizeagak ere: 5-10 eta 4-10 nagusitu zitzaizkien Oteiza eta Juaristi.