Sagardoaren Txapelketako ligaxka gaur amaituko da Galarretan, 18:00etan hasiko den jaialdian. Bi partidu jokatuko dira eta ondoren, 22:30etan Erremontari saioan eskainiko dira partiduak ETB1n. Bi partidu horietan erabakiko da nork jokatuko duen finala zuzenean, zein sailkatuko den finalaurrekorako eta zein bikote geratuko den txapelketatik kanpora. Emozio guztien gainetik, datu bat azpimarratzekoa da: hiru bikotek dute txapelketatik kanpo gelditzeko arriskua.
Jokatuko diren bi partiduak ondorengoak dira: Ansa II.a eta Zubiri goizuetarrak (Aburuza), Urriza eta Larrañagaren (Petritegi) aurka jokatuko dute. Bigarren partiduan Alorreneako Segurola eta Azpiroz, Oialume Zarreko Aldabe eta Barrenetxearen aurka lehiatuko dira.
Hiru bikoteren artean lehenengo postua
Ezkurra II.a eta Juaneneak 8 punturekin amaitu dute ligaxka, baina beste hiru bikotek -Urriza-Larrañaga, Ansa II-Zubiri eta Aldabe-Barrenetxea IV- oraindik aukera dute lehen postuan amaitzeko eta zuzenean finalera sailkatzeko.