Bihar emango zaio amaiera Euskaraldiari, eta bailaran, modu ezin hobean agurtuko dute ariketa masiboa zenbait ekintza eginez. Gaur astigartarrek, goizeko 11:00etan rol jokoetan aritzeko aukera izango dute, Erriberan. Gaur, berriz, Astigarragan eta Hernanin egongo da Euskaraldia agurtzeko aukera.
Hernaniarrek, bertsoaz eta hizketaldiaz gozatzeko aukera izango dute gaur eguerdiko 12:00etan, 'Ezer ez eta festa' podcastetik bertsora ekitaldiarekin. Esatariak izango dira Irene Arrarats eta Maialen Berasategi; eta bertsotan ariko dira, berriz, Nerea Ibarzabal eta Maialen Lujanbio eta giro aparta espero dutela aurreratu dute antolatzaileek. Festa honetarako antolaketa lanetan jardun dute Dobera Euskara Elkarteak, Hernaniko Udalak, Berriak eta Euskaraldiak.
Astigartarrek ere izango dute Euskaraldiari amaiera emateko tartea gaurkoan. Izan ere, Bingoz bingo haur ikuskizunak hartuko du protagonismoa Erriberan, arratsaldeko 17:30etan.
2018tik euskeraren aldeko ariketa eginez
Lehen Euskaraldia 2018an gauzatu zen, Euskal Herri guztiko ehunka herrietako milaka parte hartzailerekin. Bigarrena berriz, 2020an izan zen, Covid-19 garaian, hain zuzen. Pandemiak ez zituen kikildu euskal herritarrak, izan ere, ehunka herrik, herritarrek eta entitatek hartu zuten parte etxetik, ariketa masiboan. Garai hartan sortu ziren lehenengo ariguneak. 2022an izan zen Euskaraldiaren hirugarren edizioa, azaroaren 18tik abenduaren 2ra, eta berriro ere, Euskal Herri guztiko milaka parte hartzailerekin osatu zen hirugarren edizioa. Eta laugarren edizioa izan da aurtengoa, 2025garren urtekoa. Aurreko hiruak ez bezala, aurten udaberrian hasi zen, maiatzaren 15ean, eta bihar emango zaio amaiera.
Euskaraldia amaitzen bada ere, jarraitu belarriak prestatzen, mihiak astintzen eta euskeraz bizitzen!