Iritsi da Maiatzeko azken ostirala eta sindikatuok ere bat egin dugu Hernaniko Sarek antolatutako mobilizazioarekin. Sindikatuok ere gizartearekin elkarlanean, gatazkak utzitako ondorioen konponbidea aldarrikatzeko bidean urteak daramatzagu lanean. Urteak daramatzagu biolentzia ezberdinen biktimen aitortza eskatzearekin batera, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eskatzen, guztiok beharrezko dugulako.
ETAk bere jarduna utzi zuela 15 urte datorren urtean beteko direnean, 2025ean oraindik espetxeetako zein erbesteko auziak indarrean jarraitzea, gatazkak utzitako ondorioen gehiegizko luzatzearen adierazle nagusi dira. Elkarbizitzarako bidean aurrera egiteko beharra duen herria da gurea. Horretarako, esparru politiko zein judizialetatik ardurak hartzea da eskatzen duguna, orain arteko bidetik, presoek beraien zigorrak erregimen irekian betetzeko duten eskubidean sakontzea da eskatzen duguna, espetxe politikak baimentzen duelako, legezkoa eta bidezkoa delako.
58 dira egun beraien zigorrak erregimen irekian betetzen ari direnak. 58 dira ordea beraien zigorrak oraindik erregimen itxian betetzen ari direnak, erdiak alegia. Maiatzaren 17 eta 18an Sarek gauzatu zuen Puzzlea osatu arte! ekimenean hori bera zen aldarrikatu genuena. Kalea zapaltzen hasteko eta falta zaizkien zigor urteak etxean betetzeko falta diren presoak, espetxe ibilbidea egiteko aukera izan dezaten eskatu genuen Euskal Herriko 29 herrietan, Hernanin barne.
Amaitzeko, Sarek sindikatuokin batera urtean zehar antolatu ohi dituen bi mobilizazioetan lehena dugu orain jomuga. 3 aste barru, Ekainaren 20an, Hego Euskal Herriko gehiengo sindikala batuko gara Iruñean, Bilbon, Gasteizen eta Donostian euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea aldarrikatzeko baliatuko ditugun mobilizazioetan.
Gatazkak utzitako ondorioen luzatzea sufrimenduaren luzatzea delako. Herri honek, etorkizunera begira jartzeko beharra duelako, elkarbizitzara begira jartzeko beharra duelako. Behin betiko konponbidea behar bat delako guztiontzat.
Langileok behin betiko konponbidean! Euskal preso, iheslari eta deportatuak lantokietara!
Asier Ormazabal Lizeaga (LAB)
Maria Imaz (ELA)
Kerman Galarza (CCOO)
Maider Beristain (STEILAS)
Miguel Morete Ortiz (ESK)
Jon Altuna Iza (HIRU)