Gaur jokatuko dute Herriartekoaren final zortzirenetako bueltakoa, bailarako hiru taldek. Kanporaketa irauli beharra daukate Hernaniko palistek eta Astigarragako esku pelotariek, joanekoan 1-2 galdu ondoren. Esku pelotari hernaniarrek, bere aldetik, 2-1eko abantailari eutsi beharko diote, final laurdenetara sailkatzeko.
Lasarte-Orian jokatuko dute Hernaniko palistek, 19:00etan Loidibarren frontoian. Joanekoan zazpi barrukoan lortu zuen puntu bakarra Alain Agirrek, baina estu hartu zituzten lasartearrak binakakoan. Gutxienez bi puntu lortzen saiatuko dira hernaniarrak gaur, eta tanteoa bere aldera ekarri. Une honetan, tanto bakarreko aldea dago, lasartearren mesedetan. Agirre ariko da zazpi barruan berriro, Endika Ramosek jokatuko du banaka frontoi osoan, eta Ion Belokik eta Ander Arandiak binaka.
Etxetik kanpo ariko dira esku pelotari astigartarrak ere, kanporaketa irauli nahian: 19:00etan, Beasaingo Anzizar frontoian. Binakako partidua izango da klabea. Kadeteetan nabarmen nagusi izan ziren astigartarrak joanekoan, eta jubeniletan, aldiz, beasaindarrak nagusitu ziren erabat. Binakakoa 12-22 galdu zuten astigartarrek, eta nahitaez daukate gaur irabazi beharra, kanporaketa berdindu eta 13 tantoren desabantailari buelta emateko. Joanekoaren seikote berbera ariko da: Imanol Ormazabal eta Oier Galarraga kadeteetan; Aimar Zabala eta Enaitz Isasti jubeniletan; eta Eñaut Lizeaga eta Oier Gurutzealde nagusietan.
Abantailari eustea helburu Hernanik eskuz, etxean
Panorama argiagoarekin helduko dio bueltakoari Hernanik, eskuz. 2-1 nagusitu zen joanekoan, Usurbilen; eta 31 tantoren abantaila dauka alde, gainera. Etxean jokatuko du bueltakoa gaur, 19:30etan kiroldegiko frontoian; eta kadeteen partiduan bertan ziurtatu dezake txartela. Aratz Labakak eta Oier Arsuagak jokatuko dute kadete mailan, Manex Alberdik eta Oier Azpeitiak jubeniletan, eta Xabier Apaolazak eta Josu Altunak nagusietan.
Beste konpromiso garrantzitsu bat izango du Hernanik igandean: Kluben Arteko CMO Txapelketaren final laurdena jokatuko du Hernanin bertan, 11:00etan, Azkoitiaren kontra.