Joan den larunbatean jokatu ziren, Zarautzen, bolako eta tokako Gipuzkoako Txapelketak; eta Ereñotzura ekarri zuen txapeletako bat Martxeli Kanflankak: tokan nagusitu zen emakumezkoetan, burnia lau bider jota, Nekane Etxeberriaren eta Rosa Santos astigartarraren aurretik.
Gizonezkoetan, berriz, Antonio Amundarain ibartarra izan zen txapeldun, Jose Antonio Calvori desenpatea irabazita. Felix Maiz sailkatu zen hirugarren, eta Ibon Miner ereñotzuarra izan zen bailarako onena, bosgarren. Zazpigarren izan zen Leandro Miner.
Bola txapelketari dagokionez, Aner Miner ereñotzuarrak izan zuen txapela gertuen. Bera izan zen, bailarako bolarien artean, gizonezkoen aurreneko kanporaketa gainditu zuen bakarra, 32 brilarekin. Ezin izan zuten aurrera egin Ibon Minerrek (28), Joxe Mari Etxebestek (26), Mikel Arroiok (25) eta Patxi Loreakek (23).
Bigarren kanporaketan, 12 bolariren artean, berriro ere aurrera egin zuen Aner Minerrek, 30 brila bota eta sei onenen artean sailkatuta. Hirugarrenean, ordea, ezin izan zuen final haundirako txartela lortu: laugarren sailkatu zen 28 brilarekin, Benito Loitegiren (32), Jexux Atorrasagastiren (30) eta Ramon Iglesiasen (29) atzetik. Loitegi nagusitu zen finalean ere, 40 brilarekin, Atorrasagasti (36) menderatuta; eta Urnietara eraman zuen txapela.
Emakumezkoetan, ezin izan zuten aurreneko kanporaketa gainditu Rosa Santosek eta Martxeli Kanflankak. Goreti Beloki zarauztarrak jantzi zuen txapela, bera izan baitzen onena bigarren kanporaketan eta finalean, Olatz Larrañaga menderatuta.
Aurreko asteburuan, bestalde, gazteen eta beteranoen txapelketa jokatu zuten Zerainen, eta Aner Miner izan zen txapeldun mutil gazteetan. Nesketan Jone Artetxek irabazi zuen, eta beteranoetan Jesus Morales eta Elena Aldaz izan ziren onenak.