Herriarteko final zortzirenetako joanekoak jokatu zituzten pasa den ostiralean Hernaniko eta Astigarragako taldeek. Emaitza ezberdinak izan zituzten. Hernanik 1-2 lortu zuen kanporaketan aurreratzea, Usurbilen aurka, Usurbilgo udaleko frontoian. Astigarragak berriz, kanporaketari buelta eman beharko dio itzulerakoan final laurdenetara pasa nahi baldin badu. Joanekoan 1-2 galdu zuten astigartarrek, Beasainen aurka, Txomiñenean.
Hernanik pauso erraldoia eman zuen kanporaketa gainditzeko. 1-2 irabazteaz gain tanteoa oso aldekoa dute hernaniarrek eta itzulerakoan partidu bat irabaziz gero sailkapena eskuetan lukete sorpresa ikaragarririk ezean. Lier Zugasti eta Oier Oses kadeteek 22-1 irabazi zuten lehenengo partidua, indakoetxea-Jauregi bikotearen aurka. Jubeniletan iritsi zen galdutako partidua. Alberdik eta Pascualek 22-17 galdu zuten Alejoren eta Errastiren aurka. Nagusien mailan Apaolaza eta Markel Lizeagak erraz gainditu zituzten, 22-7, Ibargoien eta Santxo. Beraz, tanteoa Hernaniren alde 61-30 izan zen.
Astigarraga eta Beasainen artekoa berdinduagoa izan zen. Astigartarek 1-2 galdu zuten ondorengo emaitzekin: Galarragak eta Ormazabalek 22-3 irabazi zuten kadeteetan, Goikoetxeatarren kontra. Isastik eta Zabalak aldiz jubeniletan 22-0 galdu zuten, Landa eta Madina bikotearen aurka. Astigarragak Zabala kadetearekin jokatzen du maila honetan. Hirugarren partiduan, nagusietan, Eñaut Lizeagak eta Oier Gurutzealdek 22-12 galdu zuten Azketaren eta Garmendiaren aurka. Tanteoa 47-34 dute aurka astigartarrek. Zaila izango da kanporaketa iraultzea, baina saiatuko dira astigartarrak. Itzulerako partiduen ordutegiak zehaztu gabe daude.
Eñaut Lizeaga, gaur Irurtzunen
Irurtzungo Torneoko final laurdenetako partidua jokatuko du gaur, 19:00etan, Eñaut Lizeagak. Lehenengo mailakoan astigartarrak eta bertako Santestebanek Anso eta Alduntzin izango dituzte aurkari. Pasa den asteazkenean, Markel Lizeaga hernaniarrak ere final laurdenetarako sailkapena lortu zuen, Ongayrekin, Galarza eta Aranguren bikotearen aurka.