Goizeko 10:30ak aldera espero genituen txirrindulariak Zinkoenean, eta aurreikuspenak zehaztasunez bete ziren. Hernaniko zenbait txirrindularitza zaleren begiradapean, ziztu bizian igaro zen tropela bailarako kaleetatik.
Hernanira Sorgintxulotik barrena sartu zen, eta Latxunbeko kaleak zeharkatu ondoren, Zinkoeneako zubitik abiatu zen Astigarragara. Bertatik ere azkar pasa zen Itzulia, Martindegin hasi eta Donostia Ibilbidean barrena Oiartzun aldera joanda.
Trafikoa itxita egon zen goizeko 10:00etatik aurrera, baina lasterketa pasatu orduko segituan itzuli zen guztia normaltasunera.
Volleringek irabazi du Itzulia aurten ere
Bailaratik igarotako hirugarren eta azken etapa erabakigarria izan zen azkenean. Lehenengo bi etapak Mischa Bredewoldek irabazi bazituen ere, Demi Volleringek esan zuen azken hitza.
Mendizorrotz mendatean hautsi zuen lasterketa Volleringek, eta ia minutu bateko aldearekin iritsi zen Donostiako Boulevardean kokatutako helmugara. Aurtengoa gehituta, hiru alditan irabazi du Itzulia Volleringek.
Sailkapen nagusian Usoa Ostolaza zarauztarra izan da lehenengo euskalduna. 24. postuan amaitu du Itzulia Laboral Kutxa taldeko txirrindulariak, Vollering liderrarengandik ia hamar minutura.