Bernart Astiazaran, Aimar Balenciaga, Danel Manterola eta Maier Mutuberria Gidabaimena Euskeraz zozketaren irabazle

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 17a, 00:15

Marta Lasa Andoaingo zinegotzia eta Axier Mingo Hernaniko zinegotzia, zozketan sarituaren izena ateratzen.

400 euroko saria irabazi dute Otamendi autoeskolan gidabaimena euskeraz atera duten astigartar batek eta hiru hernaniarrek.

Iaz gidabaimena euskeraz prestatu eta lortu zutenen arteko zozketa egin zen atzo Hernaniko udaletxeko areto nagusian, eta Bernart Astiazaran, Aimar Balenciaga, Danel Manterola eta Maier Mutuberria izan ziren Astigarragako eta Hernaniko 400 euroko sarien irabazleak. 

Programaren ardura politikoa duen Marta Lasa Goñi Andoaingo zinegotziak eta Axier Mingo Hernaniko euskara zinegotziak eman zituzten zozketaren eta 2024an gidabaimena euskeraz egitasmoaren xehetasunak.  

Gidabaimenaren atal teorikoa euskeraz ikastea eta azterketa euskeraz egitea bultzatu asmoz, Buruntzaldeko sei udalek (Urnieta, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria eta Usurbil) egitasmo bat garatzen dute urtero eskualdeko autoeskolekin lankidetzan.

Egitasmo horren helburua eremu honetan ere euskeraren erabilera sustatzea da.

Autoeskolek ahalegin haundia egiten dute herritarrak animatzeko eta prestakuntza euskeraz emateko eta, udalek, pizgarri moduan, aipaturiko azterketa euskeraz prestatu eta gainditzen duten Buruntzaldeko pertsonen artean 400 euroko sariak zozketatzen dituzte urtero. 2024 urtean Buruntzaldeko 9 autoeskolek hartu zuten parte egitasmoan eta guztira 10 sari zozketatu behar ziren, nahiz eta Lasarte-Orian parte-hartzerik egon ez denez, eta Andoainen bakarra, azkenean 7 sari izan ziren.

Esan beharra dago, datuak jasotzen hasi zirenetik, 2010etik, 1.300 lagun baino gehiagok gainditu duela gidabaimenaren atal teorikoa euskeraz Buruntzaldean, eta «hori pozgarria da».

Egitasmo honen hartzaileak gazteak dira, nagusiki, D ereduan ikasi duten gazteak. «Belaunaldi horiei eskolaz kanpoko jarduera hori ere euskeraz eskaintzea ezinbestekoa da, egunerokoan euskaraz aritzeko beste espazio bat irabazten baitugu».

Era berean, Autoeskolen Federakuntza eta Eusko Jaurlaritzaren elkarlanari esker, iaz gidabaimena euskaraz prestatzeko material txukuna eta erakargarria argitaratu zen, eta lan horrek erraztu egingo du bidea hemendik aurrera. Hori bai, ez da ahaztu behar, eta Eusko Jaurlaritzari egin diote honetarako deia, bereziki, material hori guztia eguneratzen joan behar dela, benetan erabilgarri izaten jarrai dezan.

 

Dagoeneko abian da 2025eko kanpaina

Bestetik, dagoeneko abian da 2025eko kanpaina. Informazio guztia eskualdeko autoeskoletan eta udaletxeetan topatuko daiteke, baita euskara.buruntzaldea.eus webgunean eta sare sozialetan ere. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!