San Isidrok euria ekarri zien baserritarrei

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 17a, 00:00

Xabier Lertxundi, Xabier Ezeiza, Julian Ezeiza, Emi Mendinueta eta Aitor Huizi.

Euriari aurre eginez jendeak San Isidrotako egitarauaz gozatu zuen Astigarragan eta Hernanin. Idi dema, herri kirolak, bertsolariak, otorduak eta Balantxa eta Etxeluze baserrietako baserritarrei omenaldiak izan ziren.

 

2025eko San Isidro egunaren protagonista euria eta aterkiak izan ziren. Baserritarrek askotan eskatzen dute euria urtean zehar eta aurten, beraien egun haundian ere izan zuten. Horrek ez zituen geldiarazi eta Hernanin egitarauan aldaketa batzuk izan ziren arren, aurrera eraman ziren ekitaldi ia guztiak giro onean.

Hernanin Tilosetatik udaletxeko arkupeetara pasa zituzten ekitaldiak. Pelota eta pala partiduak bertan behera geratu ziren, baina beste guztia aurrera eraman zen. Balantxa baserriko kideak omendu zituzten lehendabizi. San Martin azokan barazkiak saltzen aritu zen urte luzez Xixili Urretabizkaia eta segidan, Julian Ezeiza semea eta Emi Mendinueta erraina. Hauek badute segida Xabier Ezeiza semearengan. Xabier Lertxundi alkatea eta Aitor Huizi zinegotziak plaka eta lore sorta oparitu zieten. 

Ondoren, Andoni Mujika 'Anatx' eta Libe Goenaga bertsolariak berotu zuten giroa, herri kirolen aurretik. Aizkora eta harrijasotze erakustaldiak izan ziren eta bitartean hurbildu ziren herritarrek jan-edana izan zuten pintxo eta sagardoarekin. 

 

Matxainen idi parea garaile, 65 plaza osatuta

Astigarragan protagonista nagusiak idiak izaten dira eta idi dema. Matxain, Areta eta Mixiyua idijabeen idipare gazteak aritu ziren lehian 1.640 kiloko Atxitxe harriaz, pisu librean 30 minutuz. Matxainen idi parea izan zen lehena plazaratzen eta beraiek lortu zuten garaipena 65 plaza osatuz. Aretaren idi pareak 57 plaza osatu zituzten eta Mixiyuak, 49. Euriak harria mugitzen lagundu zuen. Hiru urte daramatza harriak eta kea atera zioten.  Gainera, zaleak ez ziren euriarekin beldurtu eta jende asko bildu zen Foru Plazan.

Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariek beraien maisutasuna erakutsi zuten bertsotan, Etxeluzeko baserritarrek omenaldia jaso aurretik. Hamaiketakoa, herri bazkaria, meza, prozesioa... egitaraua normaltasunez bete zuten Astigarragan Goldea elkarteko kideek. Festa gehiagorako gogoekin geratu zenak aukera izan zuen jarraitzeko, herriko tabernetan, arratsaldeko ilar pintxo potearekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!