Jantzi txapa, hasi da ta Euskaraldia!

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 17a, 00:00

Jolasak, txokolatada, bertsoak eta txapa janzte bateratua egin zuten ostegunean Hernanin eta Astigarragan. Zapotxin pailazoarekin batera, ondokoari txapa jantzi eta hasiera eman zioten Euskaraldiari. 

Ostegun arratsaldean elkartu ziren Hernanin eta Astigarragan herritarrak txapa janzte bateratua egiteko. Hasi da Euskaraldia eta maiatzaren 25a bitarte, ariketa sozial kolektiboa egiteko konpromisoa hartu dute milaka herritarrek.

Elkarri ipini zizkioten txapak, Atsegindegin, Zapotxin pailazoaren laguntzaz. Oholtzan ere izan zen Xabier Ezponda, Doberako kidea. Bien artean osatu zuten aurkezpena eta hasiera eman zioten ekimenari. Txupinazoa botata, festa lehertu zen plazan. Jolasak, txokolatada eta bertsoek osatu zuten eguna.

Bertsolariekin jarraitu zuten arratsaldea, Hernaniko Garin tabernan. Kantuan aritu ziren Hernaniko Andoni Mujika eta Iker Ormazabal 'Tturko' bertsolariak. 

Aurrerantzean ere, izango dira elkartzeko egunak, eta ekintzak, eta horretarako jarduera sorta dago aukeran bailaran, Doberaren eta dinamizatzaileen eskutik.

Hamaikoak ere «pozez» eta «ardurez» egingo diote Euskaraldiari. 11 egun eta 11 lagunen konpromisoa egongo da herri askotan, baina Zapotxinek argi du, «euskara ez da jarri-kenduko txapa bat».

 
 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!