Espainiako eta Bizkaiko puntako lasterketetan ari da Eneko Olveira denboraldi honetan; baita onenen artean aritu ere, elite mailako probetan estreinakoz lehiatu arren. Joan den asteburuan, baina, etxetik gertuago aritu zen, Oiartzunen. Gipuzkoako BTT Txapelketa jokatu zuen larunbat goizean, eta garaipena lortu zuen astigartarrak, OTXE bere taldeak antolatutako lasterketan.
Elite mailako proban nagusitu zen Olveira, Gexan Albisu taldekideari aurrea hartuta. Elkarrekin osatu zuten probaren zati haundiena, baina bukaeran ihes egin zion astigartarrak, eta 1:21:06 denborarekin irabazi zuen, Albisurekin 21 segunduko aldea lortuta. Unax Lombraña izan zen hirugarren, 2:58ra.
Eliteko proba irabazi arren, hori bai, 23 urtez azpikoetan aitortu diote Gipuzkoako Txapelketa Olveirari, kategoria horretakoa izanik. Albisu izan da eliteko txapeldun.
Aurreko asteburuan laugarren Bilbon, maila haundiko proban
Astebete lehenago, maiatzaren 4an, Green Series txapelketako laugarren proban aritu zen Eneko Olveira, Bilbon. Laugarren sailkatu zen elite mailako lasterketan, maila haundiko txirrindularien artean. Jofre Cullell, Nathan Célié eta Hugo Franco bakarrik izan zituen aurretik, eta bigarren izan zen 23 urtez azpikoen artean, Francoren atzetik.
Alde haundiarekin nagusitu zen Cullell, ohikoan Munduko Kopako probak lehiatzen aritzen dena. 2 minutu eta 55 segunduren tartea izan zuen Célié bigarrenarekin, eta 3:14koa Francorekin. Lau minutura iritsi zen Olveira, maila bikaina erakutsita.
Emaitza horrekin, gainera, Green Series txapelketako bigarren postura igo da astigartarra, 450 punturekin. Célié soilik dauka aurretik, 500 punturekin. Hiru proba falta dira jokatzeko: maiatzaren 25ean Barakaldon, ekainaren 8an Ollarganen, eta ekainaren 22an Lezaman.
Unax Otegi 10garren, Muskizen
Errepideko txirrindularitzari dagokionez, Bizkaia aldean aritu ziren bailarako ziklistak, joan den asteburuan. Etxeko proban maila ederrean aritu ondoren, Muskizen ere aurreko postuen lehian aritu ziren Unax Otegi hernaniarra eta Aimar Capdequi astigartarra. Junior mailako Muskizko Sari Nagusia jokatu zuten larunbatean, 103 kilometroko ibilbidean, maila haundiko partehartzearekin; eta 10garren sailkatu zen Otegi. Onenen multzoan helmugaratu zen hernaniarra, hirugarren sailkatuaren denbora berean; baina ez zuen podiuma lehiatzeko aukerarik izan bukaeran. Alde haundiarekin nagusitu zen Ibai Villate, Ekhi Uriarte taldekidearen aurretik; eta ia lau minutura helmugaratu zen zortzi laguneko taldetxoa, Otegi bertan zela.
Beste taldetxo batean iritsi zen Capdequi, bost minutu eta erdira; eta berak irabazi zuen talde horretako esprinta, 19garren sailkatzeko. Tartean, Otegiren eta Capdequiren beste taldekide bat ere helmugaratu zen, Unai Iturrate donostiarra, 14garren. Hori horrela, taldekako sailkapenean bigarren izan zen Iruki-Donostialdea Bizikletan, Alimco-Campagnoloren atzetik.
Proba hasi zuten 118 txirrindularietatik, soilik 44k lortu zuten lasterketa bukatzea.