Estu iritsi da denboraldi amaierara Hernaniko Ohorezko Erregional mailako mutilen taldea. Bi jardunaldi besterik ez dira geratzen liga amaitzeko, eta hernaniarrek oraindik ez dute ziurtatu mailari eustea. Sailkapenaren azpialdean talde asko daude puntu gutxiren bueltan, eta aurkari zuzena den Tolosaren aurka arituko dira bihar berdeak. 16:30etan hasiko da norgehiagoka, Berazubin.
Tolosarentzat ere ez da denboraldi bukaera erraza izaten ari. Martxoaren 1ean irabazi zuen azken partidua, eta beheranzko joeran dabil ordutik. Aurkariaren bolada txarra aprobetxatu nahi du Hernanik, urrezko hiru puntu eskuratu eta azken jardunaldira aukera gehiagorekin ailegatzeko.
Aurreko asteko partiduan Hernanik ezin izan zuen Beti Gazte mendean hartu. Berdinketan amaitu zen norgehiagoka, eta horrek are gehiago estutu ditu kontuak sailkapenean. Une honetan 14. postuan dago Hernani, 34 punturekin; baina atzetik jarraika ditu Elgoibar (34 puntu), Deusto (33 puntu), Aloña Mendi (29 puntu) eta dagoeneko jaitsita dagoen Vasconia (25 puntu). Ikusteke dago hiru edo lau talde jaitsiko diren Gorengo mailara, baina badaezpada azken lau postuetatik kanpo geratzea komeni zaio Hernaniri.
Etxean jokatuko dute Euskal Ligako neskek eta Mundarrok
Bailarako beste bi taldeek etxean jokatuko dute asteburuko jardunaldia. Anaitasunaren bisita jasoko du gaur arratsaldean (18:00) Hernaniko Euskal Ligako nesken taldeak.
Mundarrok, berriz, bihar arratsaldean jokatuko du Zarkumendegin. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da Getariaren aurkako partidua.