Bailarako kaleak zeharkatuko ditu bihar Itzuliaren azken etapak

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 17a, 00:00

Sorgintxulotik sartu eta Zinkoeneatik aterako dira txirrindulariak.

Goizeko 10:25 aldera iritsiko da lasterketa Hernanira, eta 10:30ak pasata ailegatuko da Astigarragara.

Goiz polita izango da biharkoa Urumea bailarako txirrindularitza zaleentzat. Iaz egin bezala, Hernaniko eta Astigarragako kaleak zeharkatuko ditu Itzulia lasterketak, aurtengo edizioko hirugarren eta azken etaparekin. Donostian hasi eta bukatuko da biharko etapa, 112,6 kilometroko ibilbidea osatuta, eta Hernani eta Astigarraga lehenengo kilometroetan zeharkatuko dituzte.

Hernanitik goizeko 10:25 aldera igaroko da; Sorgintxulo auzotik sartu, Latsunbe kalea kontrako norabidean zeharkatu eta Zinkoeneatik Akarregira hartuta. Astigarragara, berriz, 10:31ak aldera iristea da aurreikuspena; Martindegitik erdigunera iritsi eta Donostia Ibilbidean barrena Oiartzunera abiatuko da lasterketa.

Aurtengo Itzulian 113 txirrindularik eta 19 taldek hartuko dute parte. Horien artean aurreko bi edizioetako garaileak izango dira, Marlen Reusser eta Demi Vollering. Azken hau da aurtengo edizioa irabazteko faborito nagusia, baina aurkari gogorrak izango ditu gaurko zein biharko etapetan.

Adi trafikoari!

Itzuliak eragin nabarmena izango du trafikoan goizeko 10:00etatik 11:00etara. 10:00etan itxiko dute errepidea Hernanin zein Astigarragan. Horrez gain, Sorgintxuloko tunelaren eta Nere Borda parkearen artean dauden aparkalekuak hustu egingo dituzte lehenago. Lasterketa pasatzen denean normaltasunera itzuliko da egoera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!