Urteroko zitari hutsik egin gabe, gaur jokatuko da Goizutrail mendi lasterketa, eta osagai guztiak dauzka aurtengoak ere, kirol festa polita izateko. Astelehen eguerdian jakinarazi zuen antolakuntzak dortsalak agortu zirela, eta beraz, 250 korrikalarik gozatuko dute Goizuetako mendi inguruez, gaurkoan.
Goizeko 09:00etan abiatuko dira partehartzaile guztiak herriko plazatik, eta denek hartuko dute Eneko Elorrirako bidea. Bertan izanen dute aurreneko jan-edan gunea, laugarren kilometroan; eta hortik aurrera, norabide ezberdina hartuko dute batzuek eta besteek. Izan ere, bi distantzia izanen ditu Goizutrailek, aurten ere: 10,5 kilometroko laburra, eta 25,6 kilometroko luzea.
Laburra aukeratu dutenek, Eneko Elorritik bueltako bidea hartuko dute Goizuetara, Espideko Sorotik pasata. Bertan izanen dute bigarren hornidura gunea, proba motzekoek.
Luzea eginen dutenek, berriz, Eneko Elorritik gorantza jarraituko dute, Loitzatera iritsi arte. Eta gainez gaineko bidea egiteko, Beltzuntzara joanen dira bertatik. Bi tontorretan izanen dute hornidura gunea korrikalariek, lasterketako 8,5 eta 13 kilometroetan. Beltzuntzatik beherantza abiatuko dira, eta Arriurdinetatik (17,6 km) pasa ondoren, Espideko Soroan (22,5 km) elkartuko dira proba laburreko ibilbidearekin, Goizuetara iristeko. Bi puntu horietan ere izanen dute jan-edan gune bana.
Hori horrela, ibilbide berritua mantenduko dute aurtengoan, lasterketa luzearen bigarren zatia Mandoegira bideratu gabe. Joan den urtean egin zuten aldaketa, eta ibilbide berriarekin pozik agertu ziren lasterketa luzea osatu zuten korrikalariak, parajeen edertasunarekin liluratuta.
Ibilbide horretan, bere bigarren txapela jantzi zuen Hodei Lujanbio goizuetarrak iaz, etxeko lasterketan. 2:06:54 denborarekin iritsi zen helmugara, Aimar Ochoteco lesakarra baino bi minutu lehenago. Emakumezkoetan, berriz, Ane Elzaurdia beratarrak (2:41:06) irabazi zuen proba luzea, Maria Ordoñez iruindarra 17 segundura zuela. Lasterketa laburrean, berriz, Aimar De Miguel iruindarra eta Guratz Azpiroz uitziarra izan ziren garaile.
Probaren edizio guztietan parte hartu ondoren, aurtengoan ere ez du hutsik eginen Hodei Lujanbiok Goizutrailen, eta hirugarren urtez jarraian saiatuko da txapela janzten. Ez da izanen Goizuetako ordezkari bakarra, urtero aritzen baita herritar mordoxka bat etxeko proban; eta ikusiko dugu besterik aurreko postuetan. Aitor Aizkorbe, esaterako, sekulako mailan ari da denboraldi honetan.
Hodei Lujanbio Landarbaso Trailen nagusi, duela bi aste
Sasoi onean iritsiko da Goizutrailera, Hodei Lujanbio. Izan ere, Landarbaso Trail lasterketa irabazi zuen duela bi aste, Errenterian. 1:27:38 denboran osatu zuen 18 kilometroko ibilbidea, eta aurrea hartu zion Mattin Odriozola oiartzuarrari (1:30:26). Gainera, Sergio De Oliveira astigartarrak (1:31:02) osatu zuen podiuma, azkeneko esprintean Oier Arraztio errenteriarra menderatuta. Urumea bailarako korrikalari gehiago ere aritu ziren aurreko postuetan. Asier Zabala astigartarra (1:38:51), esaterako, 10garren sailkatu zen, eta Mikel Martin hernaniarra (1:41:42) 12garren izan zen.
Emakumezkoetan, gainera, hirugarren sailkatu zen Agerre taldeko Ainhoa Arruti urnietarra, 1:53:41 denborarekin, eta zazpigarren izan zen Libe Lafuente astigartarra (1:57:37).