Txingurriya (inurria) ikusi omen du oinetik gora igotzen, eta pausatu du begirada lurzoruan. Txitxaria (zizarea) du helburu zozarrak (zozo arrak) eta saltoperikua (matxinsaltoa) topatu du belarrean igota, zerurako bidea hartu nahiko balu bezala. Egin du salto! Eta gelditu dira gure begiak izoztuta, txikitasunean oinarritzen den belazeko (belardiko) mikro mundu horretan galdu garenean. Ezin probokazioari eutsi…
Larre-tximitxak (zimitzak) ezkutatu dira belar luze artean eta amona mantalgorriya (marigorringoa) ikusi dugu lorean igota, lore-hostoen berdetasunean gorri, begiei plazer txikia emanez. Burrunba urrun bat dator airean, eta erliak (erleak) geldialdia egin du txori karduan (txikori belarra). Aspalditik ezagutzen dute elkar.
Kaxkourdina (amilotx urdina) jolasean dabil arbolaren adar finean. Buruz behera jartzen da, munduari buelta eman nahiko balio bezala… zergatik ez egin. Behin aldatzen hasita. Eta hartu du ahoan ar bat, bizitzari jarraipena eman nahian. Ez etsi!
Ez dabiltza urruti arrastalluak (gerri-txori arruntak), enborrean gora eta behera, nire begietatik ezkutu, aurretik ikusi nauela abisua emanez bezala. Jostari. Buxtankak (buztanikara) nahiago du asfaltoa, ordea. Txoarriarekin (txolarrea) borrokan dabil, lekurik onena nork hartuko. Itsas-txoriyak (kaioak) zeruan. Lorategi hau eremu basati txiki bat da etxe artean.
Eztanda egin du parkeak eta izakiak bezainbeste izen pilatzen da naturaren erreinu txiki honetan. Naturaren hiztegi eder bat dugu begien aurrean.
Suangilla (sugandila) horma zaharretik burua atera nahian dabil, kaakola (barraskiloa) aldamenean duela. Zirrikitu berean egin dute lo, itxura denez, ingumak (sitsak) eta ontzamotzak (urubiak) gaueko iluna irensten zuten bitartean. Iñostor (iratze) sorta bat dago zintzilik harrian, ile mataza bailitzan, hezetasunari ongietorria eginez, arbaso zaharreko talde baten oinordeko, Urumea asfaltatu honetan. Xaingorriya (zaingorria) lagun dute, pareta zaharraren oinean. Sendabelarren artean azaldu da plantiña luxia (ezpata-plantaina); ez oso urruti pasmo-belarra (pasmo-belarra), inork espero ez zuen lekuan. Gorria da laranja, hormaren grisean.
Kolorez beteriko mundu bat ireki zaigu asfalto ilunen artean. Belaunaldiz belaunaldi igaro diren jakintzen eta hitzen gordeleku da naturaz beteriko parke urbano hau.
Kattagorriya (urtxintxa) adarrez adar bezala, saltoka iritsi zaigu ezagutza, mendez mende. Urumea bailarako biztanleek irakurri dute haien inguruko paisaia, eta izena jarri diote elementu bakoitzari, natura eta euskara txirikordatuz; gure hizkuntzaren eta ingurumenaren arteko ezkontza txiki baten gisan, bien arteko mundu berezi bat sortuz. Nolako paisaia, halako izenak bilduko dira. Inguratzen gaituen paisaiak moldatu duelako gure euskara, eta gu gara, mendeetako garapen guzti horren azken gordelekua. Eta parkea, herri barruko altxor horren gotorlekua.
Biodibertsitatea jaisten ari den bezala, hizkuntza ekologiak ere beherako bidea hartu du. Galdu dugu ezagutza, eta interesa, eta horrekin batera doa ingurumenari loturiko hizkuntza oso bat, gure bizilekura lotzen gaituena. Gu, bizi garen tokian kokatzen gaituena. Paisaia honetan, hizkuntza honekin.
Unai Pascualek eta Dylan Inglishek sumatu zuten zerbait, eta ikerketa bat egin zuten Euskal Herriko ekialdean, 2021ean. Frantses hiztunak batetik, españolez egiten zutenak bestetik. Euskal hiztunak bi aldeetan. Elkarrizketatu zituzten, eta aztertu zuten, hizkuntzak eraginik ote zuen haien herri inguruko basoarekiko zuten loturan. Basoa begiratzeko zuten moduan.
Euskara euren hizkuntza moduan zutenek inguratzen zituen paisaiarekiko eta bere jasangarritasunarekiko harreman positiboagoak azaltzen zituzten, identitate kulturala tarteko. Hizkuntza minorizatuak bultzatzea omen da, (basoaren) jasangarritasunaren agertorkira gerturatzeko modu bat. Bertako hizkuntzek laguntzen omen dute bertako paisaia hobeto ulertzen, eta beraz, horrekiko atxikimendua lortzen, ondoren zaintza bihurtuko dena.
Lorez josia dago parean dudan belazea. Iodo-belarra, amabirjin atxaparra, San Jose loriak, bostorriyak, lapaitza, enara-loria, kirkirloria, untza eta menda. Horiek dira gure aiton-amonek ematen zizkieten izenak. Landare guztiak ez baitira soilik landare, eta bakoitzak bai baitu bere nortasuna.
Euskaraldiak eta Biodibertsitatearen Nazioarteko Egunak egin dute bat aurten, maiatzaren amaiera honetan. Eta bistaratu zaizkigu egurrezko banku honen aurrean, biak lotzen dituzten hainbat kontu, parke urbanoan gordeta. Natura eta euskara besarkatzen diren gune honetan txirikordatu daitezke umeen eskuko hatzak landareak ikertzen; hegaztiek zerua nola laztantzen duten behatzen, edota arreta jartzen, zomorroen mundu ederrean murgilduta.
Herrietako berdeguneak edo naturaguneak izan daitezkeelako hizkuntza ekologia eta bertako fauna eta flora lantzeko eremu bikainak; eta zergatik ez, Euskaraldiak eta biodibertsitateak bat egin duten une hau, datorrenen ikasturterako hori prestatzen hasteko aitzakia.
Arrastalluek enborrean gora eta behera jarraitzen dute, gure begiak bihurrituz. Txepetxa azaldu da huntza artean eta txirriskla (txirriskila) kantuan ari da arbolaren puntan. Naturaren behatokian nago eserita, sinetsita badela esperantza. Badela esperantza, txikitatik gauzak ondo eginda, etorkizunean ere inork aurrean duen natura gure hizkuntzan gozatuko duela.