Herriarteko txapelketaren final zortzirenetako kanporaketak hasiko dituzte gaur Astigarragako eta Hernaniko taldeak. Astigartarrek Zegama kanporatu zuten final hamaseirenetan eta hernaniarrak orain sartuko dira lehiaketan.
Astigarragak Beasainen aurka jokatuko du kanporaketa eta joaneko partiduak Txomiñenean jokatuko dira, 20:00etatik aurrera. Beasain talde sendoa da eta pasa den urtean finalerdietara iritsi ziren. Bertan, Zaldibiak kanporatu zituen beasaindarrak. Hala ere, astigartarrek kanporaketa zail jartzea espero dute. Horretarako, Imanol Ormazabal eta Oier Galarraga kadeteak, Enaitz Isasti eta Aimar Zabala jubenilak eta Oier Gurutzealde eta Eñaut Lizeaga seniorrak jokatuko dute. Maila altuko bikoteak.
Hernani berriz, gaur sartuko da txapelketan. Final zortzirenetako joaneko partiduak Usurbilen jokatuko dituzte, 18:30etatik aurrera. Beraz, usurbildarrak dira lehenengo kanporaketa honetako aurkariak.
Hernani faboritoa da kanporaketa pasatzeko. Aurreko urtean finalerdietaraino iritsi ziren. Ekhi Oses, Lier Zugasti, Amets Makatzaga, Manex Alberdi, Oier Azpeitia, Aimar Zabala, Xabat Apaolaza, Markel Lizeaga.... pelotariak hautatzaileen esanetara jarriko dira eta izen horien artetik irtengo da kadeteetan, jubeniletan eta nagusietan jokatuko duten pelotariak.
Palan ere Hernanik gaur debutatuko du Herriartekoan
Paleta goman ere Herriartekoa aste honetan hasiko da. Final zortzirenetako kanporaketarekin hasiko da eta Hernanik Lasarte-Oriaren aurka jokatuko du lehenengo kanporaketa. Joaneko partiduak gaur, 19:00etan, kiroldegiko frontoian izango dira.
Hernaniren taldea ondorengo pelotariek osatuko dute: banakakoan frontoi osoan Mikel Manterola, binakakoan Onditz Rekondo eta Imanol Galartza izango da bikotea eta, zazpi barruko partidua Alain Agirrek jokatuko du. Datorren asteko itzulerako taldea ere erabakia du Hernanik: Endika Ramos banaka, Ander Arandia-Ion Beloki binaka eta, Alain Agirre zazpi barruan izango da taldea.
Astigarraga final laurdenetan sartuko da lehian pasa den urtean Donostiaren aurka finalista izan eta gero. Beraz aurkariaren zain daude palista astigartarrak.