Jarri txapak soinean eta egin euskeraz barra-barra

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 15a, 00:00

Euskaraldian parte hartuko duen hamaikakoa.

Gaurtik maiatzaren 25era bitarte Euskaraldiko ariketa masiboa izango da.

Jarri txapak soinean eta egin euskeraz barra-barra, Euskaraldia hasi da eta. Gaurtik maiatzaren 25era bitarte egingo da ariketa masiboa, eta 'Elkar mugituz eginen dugu' leloa hartuta, euskaldunak eta hizkuntza ulertzen dutenak euskeraren erabilera sustatzeko mugimenduaren parte izango dira. 

Euskaraldiko ekitaldia gaur hasiko da eta eguraldia dela eta, Atsegindegin egingo da. 17:00etan hasiko dira ekintzak Kanikakoen jolasekin. Txokolatada egongo da Kaxko Elkartearen eskutik eta txapa banaketa eta arropa salmenta egongo da. 18:00etatik aurrera izango da txupinazo ekitaldia Zapotxinekin eta 18:30etan bertso poteoaren ordez, bertso saioa egingo da Garinen.

Astigarragan, berriz, txapa janzte bateratua izango da Emakumeen plazan, arratsaldeko 19:00etan.

Euskaraldia martxan da eta dagoeneko herritar asko izan dira izena eman eta parte hartzeko pausua eman dutenak. Hernanin, izen emateekin «momentuz oso ondo» doazela jakinarazi du Dobera Euskara Elkarteak. 125 entitatek hartu dute parte eta 1.200 norbanakok. Astigarragan, berriz, 62 entitatek eta 535 norbanakok eman dute izena. 

Astigarraga vs Hernani, etzi

Euskaraldiko ekitaldi berezia etzirako antolatu dute. Hernani vs Astigarraga erronka izango da, 11:00etan hasita, Txomiñenea pilotalekuan. Bertso pelota egin ostean, giza proba osatuko dute Foru plazan, eta ondoren, bazkari herrikoi baten bueltan bilduko dira denak, pilotalekuan. Arratsalderako txaranga antolatu dute, eta festarekin jarraitu nahi duenak erromerian dantzatzeko tartea ere izango du. Bi txandetan egingo dute, lehena 19:00etatik 21:00etara eta 22:30etatik 00:30etara, Emakumeen plazan. Antolatzaileek gogoratu dute bazkari herrikoirako tiketak 12 euroren truke eskuratu daitezkeela Astigarragako Ikatza eta Hernaniko Zintzarri tabernetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!