Ur hornidura-sarea hobetuko dute hirigunetik urrun dauden eremuetarako

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 15a, 00:00

Martin Ibabe Añarbe Urakeko presidentea, Xabier Lertxundi alkatea eta Ainara Atorrasagasti ingurumen zinegotzia.

Ereñotzu, Martindegi eta Añuako auzotarrek udalerriko gainerako bizilagunen ezaugarri berberak dituen edateko ura kontsumituko dute.

Ereñotzu, Martindegi eta Añuako biztanleek udalerriko gainerako bizilagunen ezaugarri bereko edateko ura kontsumitu ahal izateko, ur hornidura-sarea hobetuko dute. Horretarako, 4 milioi euro baino gehiago bideratuko dituzte Añarbe Urakek eta Hernaniko Udalak. Atzo aurkeztu zuten hitzarmena udaletxean Añarbe Urakeko Martin Ibabe presidenteak, Hernaniko Xabier Lertxundi alkateak eta Ainara Atorrasagasti Ingurumen zinegotziak.

Xabier Lertxundi alkateak adierazi bezala: «ur hornidurari dagokionez, Hernaniar guztiak baldintza berdinetan egoteko, sistema guztia Añarberen bitartez egingo da. Zeuden mugekin amaitu eta herritar guztiek baldintza berdinetan jasoko dute edateko ura. Babestuagoa eta osasun aldetik berme haundiagoa izango du. Obrak egin bitartean eragozpenak sortuko dira».

Lizitazioa onartu dute eta obrak udaran hasiko dira, hauek 19 hilabete iraungo dutela aurreikusita. 8.145 metroko luzerako sare berri bat eraikiko da, baita biltegi berri bat ere Juanantonenean; udal sareko zuntz-zementuzko hodi zaharrak ere ordezkatuko dira.

Ereñotzuk, Martindegik eta Añuak Aparraingo eta Aitzpitarteko hartuneetatik jasotzen dute ura oraindik. Lanak amaitu ondoren, aldiz, bertako biztanleek, udalerriko gainerako bizilagunen ezaugarri berberak dituen edateko ura kontsumituko dute. Hau da, Añarbeko urtegitik datorren ura jasoko dute, Astigarragako Petritegiko estazioan berme haundienekin tratatua.

Hernaniko alkatearen ildo beretik hitz egin zuen Martin Ibabe Añarbe Urakeko presidenteak: «Udalerri guztiei kalitatezko zerbitzua eskaintzea da helburua, tamaina edo kokapena kontuan hartu gabe. Horretarako ezinbestekoa da azpiegitura sendoak edukitzea».

 

8.145 metro hodi berri izango ditu eta 4 milioi euro baino gehiagoko kostua du

Añarbeko azpiegiturak eremu berrietara zabaltzeak Orkolagako egungo biltegia eraberritzea ekarriko du, bai eta 1.189 metroko hodi bat eraikitzea ere, «Juanantonenea gainean kokatutako 250 metro kubikoko biltegi berri batekin lotuko duena. Puntu horretatik hiru banaketa-hodi berri aterako dira, udal titulartasunekoak, eta Ereñotzu, Martindegi eta Añua hornituko dituztenak. Guztira, hornidura-sare berriak 8.145 metro hodi izango ditu, baita aipatutako edateko ura banatzeko depositua ere», aipatu zuen Ibabek

Epele eta Fagollaga auzoen artean obren trazadura udal sarearen egoera txarrean dauden zuntz-zementuzko hodi zaharren trazadurarekin bat datorrela aprobetxatuz, 762 metroko luzera duen tarte baten ordez kanalizazio berriak egingo dira, egungo hornidura hobetuz.

Ondorioz, hobekuntza nabarmena da Hernaniko herritarrentzat, eta horretarako behar den obra ere haundia da. Horren adibide da lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, 3.847.950 eurokoa. Horren kostua Añarbeko Urakek (2.645.056 euro) eta Hernaniko Udalak (1.202.894 euro) ordainduko dute. Kopuru horri beste 137.280,55 euro gehitu behar zaizkio azterlanetarako eta proiektuetarako; beste 350.000 euro inguru ere aurreikusten dira lurzorua kudeatzeko.

Obrak egin ondoren, Pagoaga inguruan dauden baserriek soilik jarraituko dute Aparrain sistematik ura jasotzen. Sistema horrek, gaur egungo osasun-araudiaren arabera, nahitaezkoak diren iragazte eta klorazio tratamenduak ditu.

 

Añarberen eta Udalaren arteko hitzarmena

Obra horiek posible izango dira 2021ean Añarbeko Urak-ek eta Hernaniko Udalak udalerriko hornidura sistema arrazionalizatzeko, modernizatzeko eta hobetzeko sinatutako hitzarmenari esker (2024an hitzarmenaren gehigarri bat adostu zen). Hitzarmenak udalerriko zenbait eremuk uraren kalitateari buruz eta suteen araudia betetzeari buruz gaur egun dituzten arazoei erantzuten die (hauek konpontzeko onartu dira arestian deskribatutako obrak). 

Bestalde, hitzarmenak ezartzen du Añarbera transferituko direla Aparrain eta Aitzpitarteko ur-hornidura sistemetako goi-hornidurako azpiegitura guztiak; baita Karabel eta Abalozekoak ere. Azpiegitura hori guztia Añarbek jaso du dagoeneko, berak duelako egungo Hernaniko goi-horniduraren erantzukizun osoa. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!