Pasa den ostiral gauean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Steilas, LAB, Interinok Taldea, CCOO eta UGT sindikatuekin akordioa sinatu zuten, hezkuntza sektoreko lan gatazka desblokeatzeko asmotan. ELAk, ordea, ez du akordioa babestu, eta gainontzeko sindikatuek adostasuna lortu zutenez, iragarri zuten bertan behera gelditu direla aste honetarako deitutako greba deialdiak, eta protesta ekitaldiak. Modu honetara, aste honetan, bailarako ikastetxeetan klaseak izango dituzte, ohiko ordutegi eta egunetan.
Akordioari dagokionez, LAB pozik agertu da: «lortu dugu Jaurlaritzak hasierako proposamenean jarri ez dituen baliabideak adostea euskalduntzerako, aniztasunari eta inklusioari erantzuteko eta hezkidetzarako». Eta horrez gain, adierazi du azken 15 urteotan lehen aldiz lortu dela, soldatak bertan adostea.
Sindikatuek azaldu dute lortu dutela hezkuntzaren kalitatea hotzeko eskatzen zituzten baliabideak, eta era berean lan baldintzak hobetzea; hala nola, lan-zama arintzea, soldataren igoera, ordezkoen udako kobraketa, edoskitzea luzatzea, bitartekotasun-tasa %5ean kokatzea eta gazteberritzeko neurriak. Hau guztia, «langileon borrokaren bidez» lortu dutela azpimarratu dute sindikatuek.