Etxeko proban maila ederrean aritu ondoren, Muskizen ere aurreko postuen lehian aritu dira Unax Otegi hernaniarra eta Aimar Capdequi astigartarra. Junior mailako Muskizko Sari Nagusia jokatu zuten larunbatean, 103 kilometroko ibilbidean, maila haundiko partehartzearekin; eta 10garren sailkatu zen Otegi. Onenen multzoan helmugaratu zen hernaniarra, hirugarren sailkatuaren denbora berean; baina ez zuen podiuma lehiatzeko aukerarik izan bukaeran. Alde haundiarekin nagusitu zen Ibai Villate, Ekhi Uriarte taldekidearen aurretik; eta ia lau minutura helmugaratu zen zortzi laguneko taldetxoa, Otegi bertan zela.
Beste taldetxo batean iritsi zen Capdequi, bost minutu eta erdira; eta berak irabazi zuen talde horretako esprinta, 19garren sailkatzeko. Tartean, Otegiren eta Capdequiren beste taldekide bat ere helmugaratu zen, Unai Iturrate donostiarra, 14garren.
Hori horrela, taldekako sailkapenean bigarren izan zen Iruki-Donostialdea Bizikletan, Alimco-Campagnoloren atzetik. Probako aurreneko hiru sailkatuak izan ziren talde horretakoak.
Proba hasi zuten 118 txirrindularietatik, soilik 44k lortu zuten lasterketa bukatzea. Danel Txapartegi astigartarra izan zen erretiratutako horietako bat.