Hiru bilera atzo, Hezkuntzan akordio batera iritsi nahian

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 10a, 00:00

Ereñotzuko eskola komunitateak kontzentrazioa egin zuen atzo arratsaldean.

Bi eguneko tartean, Hezkuntza Sailak bi proposamen berri aurkeztu dizkie sindikatuei, eta lau bider bildu dira.

Akordio batera iritsi gabe jarraitzen zuten, atzo iluntzean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta sindikatuek. Kronikaren erredakzioa ixteko unean, eguneko hirugarren bileran zeuden murgilduta, akordio batera iritsi nahian. Halakorik izan ezean, indarrean jarraituko du Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza publikorako greba deialdiak. Bost greba egun deitu dituzte Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek, maiatzaren 12tik 16ra bitarte, bost egunez jarraian.

Zehazki, hezkuntza publiko ez unibertsitarioko 27.000 irakasleak deitu dituzte grebara, eta deialdiak aurrera egitekotan, 180.000 ikasle ingururi eragingo lieke. Azkeneko lanuzteak duela hilabete pasatxo egin zituzten, martxoaren 25ean, 26an eta 27an, eta apirilaren 1ean eta 2an. Aurretik, 10 greba egun egin zituzten urtarrilean eta otsailean.

Besteak beste, honakoa da eskatzen dutena: lan kargak arintzea, plantillak gaztetzea, enplegu publikoa sendotzeko eta bermatzeko plan egokia ezartzea, eta erosteko ahalmena berreskuratzea.

 

Proposamen berriak eta bilerak, asteleheneko greba deialditik

Astelehenean erregistratu zuten hezkuntza publikoan beste bost greba egun egiteko deialdia, Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek. Horren aurrean, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak negoziazio mahai sektoriala deitu zuen ostegunerako, «proposamen berri, bideragarri eta on bat» aurkezteko. Proposamen hori atzera bota zuten sindikatuek, ordea, euren ustez ez baitzen nahikoa. Gauzak horrela, beste proposamen bat bidaltzeko konpromisoa hartu zuen Hezkuntza Sailak ostiralerako, eta berriro negoziazio mahaian biltzekotan geratu ziren.

Halaxe gertatu zen atzo goizean. Ordu eta erdiko bilera egin zuten Hezkuntza Saileko arduradunek eta EAEko hezkuntza publiko ez unibertsitarioan ordezkaritza duten sindikatuek: Steilas, LAB, ELA, CCOO, Interinoak eta UGT. Bertan aurkeztu zuen proposamen berria Hezkuntza Sailak, eta «aurrerapen txiki batzuk» ikusi zituzten Steilasek eta CCOOk. LABek eta ELAk, berriz, eguerdian adierazi zuten ez ziotela «nahikoa berme eta eduki» ikusten proposamenari, eta «gabezia ugari eta aldaketa gutxi» zituela.

Aldarte horrekin elkartu ziren beste behin, atzo bertan. Izan ere, bigarren bilera bat egiteko zita jarri zuten arratsalderako, 15:30etan hasita. Horretan ere ez zen akordiorik izan, eta egun berean hirugarrenez biltzekoak zirela iragarri zuten, 18:30etatik aurrera.

Eguerdian dagoeneko iragarria zuen Imanol Pradales lehendakariak, azkeneko unera arte jarraituko zutela negoziazioekin, eta astelehen goizeko 08:00ak arte daukatela tartea horretarako. Atzoko azkeneko bilera horrek zer eman zuen jakiteko esperoan, litekeena da negoziazioek jarraipena izatea asteburuan. 

 

«Hezkuntza publikoa indartzeko» deia, Ereñotzuko eskola komunitateak

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta sindikatuak bilduta zeuden bitartean, atzo arratsaldeko lehenengo orduan, kontzentrazioa egin zuten Ereñotzun. Bat eginda agertu zen bertako eskola komunitatea, «hezkuntza publikoa indartzea eta irakasleen lan baldintzak hobetzea eskatzeko». Txirrita eskolako familiak, ikasleak eta irakasleak elkartu ziren, hainbat pankartarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!