Euskaraldirako bost egunen faltan, hasi dira motorrak berotzen Hernanin eta Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 10a, 00:00

Ofizialki maiatzaren 15ean emango bazaio ere hasiera aurtengo edizioari, Urumea bailaran hasi dira ekintzaz ekintza giroa berotzen. Gaur ere lanean ibiliko dira batzordeak, Hernanin hamaikakoaren aurkezpenarekin batera txistorra eta tortilla jana egingo dute, Astigarragako haurrak berriz, Andereño Rositarekin elkartuko dira. 

 

Bost egun falta dira txapa soinean jantzi eta Euskaraldiari ekiteko. Giroan murgiltzeko ekintzak prestatu dituzte euskara elkarte zein batzordeek, eta gaur aurkeztuko dute egitasmoa Hernanin eta Astigarragan. Hernaniko hamaikakoa ere aurkeztuko dute gaur, musikaz eta jan-edanaz inguratuta. 

Euskaraldia bertan dago, eta dagoeneko herritar asko izan dira izena eman eta parte hartzeko pausua eman dutenak. Hernanin, izen emateekin «momentuz oso ondo» doazela jakinarazi du Dobera Euskara Elkarteak. 125 entitatek hartu dute parte eta 1.200 norbanakok. Astigarragan berriz, 62 entitatek eta 535 norbanakok eman dute izena. 

Gainera, Doberak azaldu du herriko eragileen laguntzari esker osatu dutela ekintzen zerrenda: «eragileen laguntza eta parte hartzea goraipatu nahiko genuke, beraiekin eta beraiei esker antolatu ditugu ekitaldiak». Txapen banaketan ere lagundu dute, auzo elkarteekin batera eta horri esker, «auzoetara zabaltzeko aukera ere izan dugu».

Gaur eguerdian aurkeztuko dute Euskaraldia eta baita Hernaniko Hamaikakoa ere. 12:00etan hasiko da ekintza, Tilosetan, eta euria eginez gero, Atsegindegin egingo da. Edizio berriaren azalpenak eman eta Hamaikakoa osatzen duten hernaniarrak nortzuk diren aurkeztuta, Aldapeko Basque Latin Jazz taldeak kontzertua eskainiko du, pentsionistek prestatutako txistorra pintxoen eta institutuko ikasleek antolatutako tortilla postuaren laguntzarekin. Bestalde, txapa banaketa eta arropa salmenta postua ere egongo da.

Astigarragako hamaikakoa martxoan aurkeztu zuten, eta gaurkoan Katana umorezko ikuskizuna izango da ikusgai Erriberan. 

 

Astigarraga vs Hernani, maiatzaren 17an

Euskaraldiko ekitaldi berezia maiatzaren 17rako antolatu dute. Hernani vs Astigarraga erronka izango da, goizeko 11:00etan hasita, Txomiñenea pilotalekuan. Bertso pelota egin ostean, giza proba osatuko dute Foru plazan, eta ondoren, bazkari herrikoia pilotalekuan. Arratsalderako txaranga antolatu dute, Foru plazatik abiatuta eta festarekin jarraitu nahi duenarentzako, erromeria. Bi txandetan egingo dute, lehena 19:00etatik 21:00etara eta 22:30etatik 00:30etara, Emakumeen plazan. 

Antolatzaileek gogoratu dute bazkari herrikoirako tiketak 12 euroren truke eskuratu daitezkeela Astigarragako Ikatza tabernan eta Hernaniko Zintzarri tabernan.

 

EGITARAUA

HERNANI

GAUR

12:00 Girotze ekitaldia, 
Tilosetan.Hamaikakoaren aurkezpena eta gonbidatu bereziak. Txistorra jatea pentsionisten eskutik eta tortilla pintxoak insitutuko ikasleekin.

MAIATZAK 15

17:30 Txokolatada pentsionistek antolatuta eta haurrekin jolasak, Kanikaren eskutik. Tilosetan. Euskaraldiaren txupinazoa eta txapa janzte bateratua, ondoren, bertso poteoa.

MAIATZAK 16

18:30 Dultzaineroen kalejira Kaxkotik.

MAIATZAK 18

14:00 Kantu bazkaria, Txalaparta Elkartean. Hernaniko Euskaraldia eta Xalapartaren eskutik.

MAIATZAK 21

18:00 Pantxisen hitzaldia Biterin, Aratz Ikastolaren eskutik.

MAIATZAK 24

11:30 Gora musika! taldearen emanaldia Atsegindegin, Dobera Euskara Elkartearen eskutik.

MAIATZAK 25

12:00 Amaiera ekitaldia: 'Ezer ez eta festa' podcasta zuzenean. Sandiusterrin.

Ondoren, bertso saio laburra, Nerea Ibarzabal eta Maialen Lujanbiorekin.

ASTIGARRAGA

GAUR

20:00 'Katana' umorezko bakarrizketa, Ana Goitiaren eskutik. Erribera kulturgunean. Sarrerak: 8 euro.  

MAIATZAK 15

19:00 Txapa janzte bateratua, Emakumeen plazan.

MAIATZAK 17 
Hernani vs Astigarraga

11:00 Bertso pelota saioa.

12:30 Giza proba.

14:00 Bazkaria Foru plazan. Txartelak Ikatzan eta Zintzarrin salgai.

17:00 Deiadar txarangarekin kalejira..

MAIATZAK 21

18:00 Mintzordromoa. Sagardoetxean. Parte hartzeko izena eman behar da Erriberan.

MAIATZAK 24

11:00 Rol jokoak Erriberan.

MAIATZAK 25

17:30 Bingoz bingo haur ikuskizuna Erriberan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!