Ostegun honetan ospatuko dute Urumea bailarako baserritarrek euren eguna, San Isidro eguna. Urteroko legez, egitarau oparoak prestatu dituzte Hernanin eta Astigarragan, eta festa giroa nabarmena izango da Tilosetan zein Foru plazan.
Astigarragan egun osoko festarekin ospatuko dute San Isidro eguna. Goizeko 09:30etan ekingo diote egitarauari, Xabi eta Joxan trikitilariekin. Kalejiratxoaren ondoren, prozesioa, meza eta hamaiketakoa egingo dituzte, eta eguerdira arte egongo dira Gure Izarra elkartean.
12:15etan, berriz, idi dema hasiko da. Aurtengoan Matxain, Areta eta Mixiyua arituko dira aurrez aurre, 1.640 kiloko Atxitxe harriarekin. Ikusmin haundia sortu ohi du Astigarragako idi demak, eta ostegunean ere jende asko elkartzea espero dute Goldea taldeko antolatzaileek.
Ikusi beharrekoak ikusita, 13:00ak aldera hasiko dira goizak eman duena aletzen Andoni Egaña eta Aitor Mendiluze bertsolariak.
Izan ere, bertan egingo dute herri bazkaria. Aurtengoan Etxeluze baserriak jasoko du 'Baserri Bizia' izendapena eta omenaldia.
Eguerdian izango da Hernaniko omenaldia
Hernaniko Udalak ostegun eguerdirako prestatu du San Isidro eguneko ospakizuna. Tiloseta izango da festaren erdigunea, eta zenbait kirol ikuskizunekin gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Pala eta pelota partiduak eta herri kirol saioa egingo dira bertan.
Bertsorik ere ez da faltako Tilosetan. Hernaniko Bertso Eskolako bi bertsolarik osatuko dute saioxka librean, omendutako baserritarrei harrera egiteko. Saioa amaitutakoan, Hernaniko Udaleko ordezkariek oroigarriak emango dizkiete aurtengo omenduei: Balantxa baserriko baserritarrei, hain zuzen.
SAN ISIDRO EGUNA ASTIGARRAGA 09:30 Xabi eta Joxan trikitilariak. 10:00 Prozesioa, meza eta ondoren hamaiketakoa Gure Izarra elkartean. 12:15 Idi dema: Matxain, Areta, eta Mixiyua, 1.640 kiloko Atxitxe harriarekin. 13:00 Andoni Egaña eta Aitor Mendiluze bertsolariak. 14:30 Herri bazkaria eta 'Etxeluze' Baserri Biziari merezitako esker ona ematea. 19:00 Ilar pintxo potea. HERNANI 11:00 Meza San Joan Batailatzailearen elizan. 11:30 Emakumezkoen goi mailako pala partidua. Ondoren, omenaldia Balantxa baserriari eta bertsolariak. Ondoren, gizonezkoen goi mailako pelota partidua. Amaitzeko, herri kirol saioa. 14:00 Baserritarren bazkaria Goiz Eguzkin. 19:00 Eukalyptus antzerkia Biterin. |