Astigarragak ongi bideratu zuen, pasa den astean, Herrriarteko Txapelketaren final hamaseirenetako kanporaketa, Zegamaren aurka. 3-0 nagusitu zen Txomiñenen, eta gaur lotu nahi du final zortzirenetarako pasea, itzulerako partiduetan. Zegamako Toki Alai frontoian izango da hori, eta 18:30etan hasiko da jaialdia.
Lehendabizi, kadeteen txanda izango da. Joanekoan 22-7 lortu zuten garaipena, eta faborito argiak dira. Partidu hori irabaziz gero, sailkapena ziurtatuko dute astigartarrek. Ondoren, jubenilen txanda izango da. Joanekoan, hasi berritan, 3-4 ziren aurretik zegamarrak, baina pelotari bat lesionatu egin zen, eta puntua Astigarragarentzat zen. Seniorrek 22-13 irabazi zuten, eta beharrezkoa bada, prest dira kanporaketa beraiek ixteko.
Hernanin eta Astigarragan, partiduak gaur
Bestetik, Gipuzkoako lau t'erdiko eta Udaberriko txapelketetako partiduak jokatuko dira gaur, Hernanin eta Astigarragan. Hernaniko partiduak 19:00etan hasiko dira, eta lau t'erdiko txapelketako lau jokatuko dituzte, Makatzagak, Alberdik, Paskualek eta Azpeitiak. Txomiñenen partidu bakarra jokatuko da gaur: 18:00etan hasita, Mundarroko eta Hernaniko bikote infantilen arteko lehia.