Eñaut Lizeaga, Jon Jara eta Unax Manterola txapeldun izan dira Grabni txapelketan Gipuzkoako taldearekin

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 6a, 00:00

Unax Manterola eta Jon Jara, txapelekin Gasteizeko Astronomos frontoian.

Astigartarrak ezker horman, 22 urtez azpikoan, banaka irabazi du. Hernaniarrek trinketean lortu dute garaipena maila berean banaka eta binaka.

 

Grabni txapelketan hiru txapela lortu dituzte bailarako pelotariek. Hiru garaipenak 22 urtez azpikoen mailan iritsi ziren. Eñaut Lizeagak iragarpenak bete zituen eta 22-20 irabazi zuen Bingen Beitia bizkaitarraren aurka. Hala ere asko sufritu zuen astigartarrak, 16-10 galtzen joan eta gero.

Binaka eta maila berean, Beñat Apezetxea goizuetarrak galdu egin zuen, Endika Santestebanekin batera, Gipuzkoako Mikel Aranbarri eta Unax Landaren kontra, 22-20.

Trinketean Hernaniko Jon Jara eta Unax Manterola txapeldun izan ziren. Eskuz banakakoan, Jon Jarak 40-22 irabazi zion Igor Pascuali (Bizkaia). Bizkaitarrak aise irabazi zuen sailkapen faseko partidua, baina Jarak partidu bikaina jokatu eta errebantxa hartu zuen finalean.

Eskuz binakakoan, Unax Manterolak, Eneko Sorondo (Eple) lagun zuela, 40-36 irabazi zioten Okariz-Apeztegiari (Nafarroa). Gipuzkoar bikotea markagailuan atzetik joan zen ia partida amaitu arte, baina buelta eman zioten finalari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!