Atzo arratsaldean jokatu zen Astigarragako III. Iruki Saria, junior mailako txirrindulariekin; eta Mario Elizburu oñatiarrak lortu zuen garaipena, esprint estuan Oxel Azcarate eta Beñat Sainz menderatuta. Protagonista izan ziren Unax Otegi hernaniarra eta Aimar Capdequi astigartarra, indartsuenen taldean sartuta; baina ezin izan zuten garaipena lehiatu bukaeran. Edonola ere, seigarren sailkatu zen Otegi, eta tarteko helmugen saria eskuratu zuen Capdequik. Gainera, taldekako sailkapena ere irabazi zuten biek, Iruki-Donostialdea Bizikletan taldearekin. Horrela, bailarako beste zenbait txirrindulari ere igo ziren podiumera.
Eguraldiak lagunduta, ziztu bizian osatu zuten proba txirrindulariek, Astigarragako eta Hernaniko errepideetan barrena, eta Perurenako mendatean gora. Bederatzi laguneko talde batek egin zuen ihes, helmugatik oso urruti oraindik; baina minutu bateko tartearekin hasi zuten azkeneko itzulia, eta haien artean jokatuko zuten garaipena.
Multzo horretan ziren Otegi, Capdequi eta haien taldekide bat, Unai Iturrate donostiarra. Perurenako azkeneko igoeretan amore eman behar izan zuten Capdequik eta Iturratek. Otegik, berriz, lortu zuen onenekin batera eustea, baina ez zuen indarrik izan azkeneko metroetan, garaipenerako esprintean sartzeko.
Ikusle ugari gerturatu ziren errepide bazterrera, helmugan bereziki; eta ikusminez bizitu zuten probaren bukaera estua.
III. IRUKI SARIA
SAILKAPENA
1. Mario Elizburu (Ulma)
2. Oxel Azcarate (Ampo)
3. Beñat Sainz (Viveros S.A.)
4. Anje Urruzola (Limousin)
5. Aratz Unanue (Viveros S.A.)
6. Unax Otegi (Iruki) +0:05
7. Unai Iturrate (Iruki) +0:52
8. Eritz Atxega (Ampo) +1:16
9. Aimar Capdequi (Iruki) +1:18
10. Unax Larraburu (Sum.) +2:02
TARTEKO HELMUGEN SARIA
1. Aimar Capdequi (Iruki)
MENDIKO SARIA
1. Beñat Sainz (Viveros S.A.)