Ta argiya jun zan

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 3a, 00:00

Argia joan zen momentuan ateratako argazkia.

Aste Santuko oporretatik bueltan argi gutxirekin iritsi ziren asko lanera astelehenean, eta are gutxiagorekin irten ziren lantokitik. Ez wifi, ez internet, ez telebista eta ez gailu... Kalean elkartu zen jendea, lege zaharrean. 

2025eko apirilaren 28a, astelehena. Pipipipi! Mugikorreko alarma entzun, esnatu, argia piztu, mugikorra kargatzetik kendu (%100), sukaldera joan, argia piztu, tostadora martxan jarri, kafea berotu, esnea mikrouhin labean sartu, gosaldu, ur beroarekin dutxatu, sare sozialetan kuxkuxeatu, jantzi, argiak itzali (berriro pizteko esperantzan) eta lanera. 

Argi gutxidun eguna izaten da oporralditik bueltakoa, baina inor gutxik espero zuen eguerdiko 12:30ak aldera gertatu zena. Pantailei begira geunden Kronikan argindarra erabat joan zen momentuan, astearteko alea prestatzen. Lehenengo erreakzioa ohikoa izan zen, generalak saltatu ote duen begiratzea. Koadroa irekitzean, ordea, interruptore guztiak zeuden gorantz begira. Orduan, zer gertatu da?

Txutxumutxuen gisa, axkar batean hasi zen informazioa zabaltzen:

- Nire kudrillakoen lantokietan ere ez dute argirik!

- A ez? Astigarragan ere joan dela ematen du.

- Baita Donostian ere...

Itzalialdi orokorra. Horixe zen gertatu zena, nonbait. 'Segituan itzuliko da' pentsatu arren, orduek aurrera egin ahala argirik gabe jarraitzen zuen Hernanik.

Momentu horretan ohartuko ziren herritar asko zeinen garrantzitsua den argindarra egunerokoan. Lanean jarraitzeko modurik gabe geratuko ziren batzuk (albiste pozgarria askorentzat), baina etxera joandakoan ezin izan zuten telebista, ordenagailua edo wifia piztu; are, ezin izan zituzten aurreko gauean prestatutako garbantzuak berotu. Hori gutxi balitz, gehixeago urdurituko zen jendea interneta erortzen hasi zenean.

Nolabait inkomunikatuta geratzeak, ordea, aurrez aurreko sare sozialak aktibatu zituen. Eguraldia lagun, gainezka egon ziren arratsalde osoan zehar herriko terrazak, eta hizketagai bakarra itzalialdia izan bazen ere, lagunarteko elkarrizketa ederrak piztu ziren bailarako kaleetan.

Buruhauste galantak sortu arren, hemendik urte batzuetara anekdota modura gogoratuko den eguna izango da 2025eko apirilaren 28a. Gaia ateratzen den aldiro esaldi bakarrarekin laburbilduko da eguna: 'Ta argiya jun zan'.

 

Hernaniko Udala eta Udaltzaingoa ere sorpresaz harrapatu zituen itzalialdiak, eta arazoei irtenbidea topatu nahian pasa zuten eguna

Mugikortasun arazoak dituzten herritarrei laguntzeko neurriak hartu behar izan zituen Udalak. Udaltzainek, aldiz, igogailuetan harrapatuta geratu zirenei eskaini zieten laguntza gehienbat.

Eguerdiko 12:30ak aldera joan zen argia, eta 20:30ak arte Hernaniko etxe gehienetan argirik gabe jarraitu zuten herritarrek. Mundu guztia harrapatu zuen sorpresaz itzalialdiak, eta ustekabeko gertaerek beti ekartzen dituzte ustekabeko arazoak. 

Hernaniko Udal taldeak eta Udaltzaingoak buruhauste horiei irtenbide bat topatu nahian igaro zuten astelehena, herritarrei laguntza eskaintzeko asmoz. Udal taldeak zenbait erabaki hartu behar izan zituen, mugikortasun arazoak dituzten herritarrei laguntzeko bereziki: «Batetik, eguneko zentroaren erabiltzaileak haien etxeetara eramateko eta igotzeko laguntza koordinatu genuen Udaltzaingoarekin; bestetik, Udaltzaingoa patruilatzen ibili zen eguerditik gauera arte, kalean inork laguntzarik behar bazuen ere». Guztira bederatzi herritarrei lagundu zieten etxeratzen. 

Udal zerbitzuei dagokienez, kiroldegia izan zen itzalialdiagatik erabat itxita egon zen bakarra. Kulturarteko Plaza Feministak, Biterik, Sandiusterrik eta Musika Eskolak zabalik mantendu zituzten ateak, eguzkiaren argiak zeuden bitartean behintzat.

Udaltzainek igogailuetan ataskatuta geratu ziren herritarrei laguntzen izan zuten lanik haundiena. Horrez gain, itxiera automatikoa duten establezimenduak kontrolatu zituzten. 

Semaforoak argindarrik gabe egonda, kezka haundia sortzen zuen trafikoaren egoerak. Alabaina, Udaletik jakinarazi dute ez zela aparteko arazorik sortu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!