Urumeako parke eolikoen itzalean

Iñaki Sanz Azkue 2025ko mai. 3a, 00:00

Aranzadiko Ander Izagirre eta Iñaki Sanz-Azkue bera, ikerketetako batean murgilduta, Goizuetako Mandoegi errekan. Argazkia: Iñaki Etxeberria

Bi parke eoliko eraiki nahi dituzte Hernani eta Goizueta arteko mendietan. Ez nau harritu ikusteak hitz egin dela trantsizio energetikoaz, hitz egin dela enpresa pribatuek bultzaturiko makroproiektuen arriskuaz eta parke eolikoek sortzen dituzten onurei eta kalteei buruz; baina onartu beharra dut: harritu nau, ikusteak eolikoak jarri nahi diren eremuari buruz zein gutxi hitz egin den. Hogei urte dira aurten biodibertsitateari buruzko ikerketak egiten hasi ginela Urumean. Datu horiek oinarritzat hartuz, hemen nire ekarpen txikia.

Izan dira hitzaldiak, elkarrizketak eta hizketaldiak gaiaren inguruan. Izan dira eztabaidak, eta izango dira oraindik ere, egunak aurrera doazen hei­nean. Eztabaida osasuntsu baterako, ordea, bada ezinbestekoa den osagai bat: dauden datu guztiak mahai gainean jartzea.

Koka dezagun geure burua: bi parke eoliko eraiki nahi dituzte Adarra (Urnieta) eta Mandoegi (Goizueta) mendien arteko eremuan. Bata, Hernaniko lurretan bere osotasunean. Bestea, Euskal Herriko gisa honetako azpiegiturarik handiena litzatekeena, Hernani, Ereñotzu, Arano, Goizueta, Elduain eta Berastegi udalerrietako lurretan. 

Parke eoliko horiek bi bailara nagusiren arteko muga geografikoan eraiki nahi dira: Leitzaran eta Urumea bailaren artean. Bai Leitzaran ibaia, bai Urumea ibaia, biak ala biak Europa mailan Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) moduan daude katalogatuak. 

Jarrai dezagun testuinguruan sakontzen: Urumeako aldean, lau bailara nagusiren iturburuetan eta lepoetan joango lirateke haize-errotak. Hernanin (Gipuzkoa), Kartolan eta Sagarretan, garai batean zilegimendiak izanik, garrantzia historiko berezia duten bailaretan. Nafarroan, Aranoko eta Mandoegiko erreketan, Aranon eta Goizuetan, hurrenez hurren; aurrekoak bezala, horiek ere Adarra-Mandoegi estazio megalitikoaren barruan kokatuak eta ekosistema aldetik kontserbazio maila oso altuko eremuak direnak.

 

20 urtetako ikerketa lanak oinarri

Aurten, 2025ean, beteko dira hogei urte Urumea bailaran, eta zehazki, eremu hauetan ikerketak egiten hasi ginela Aranzadi Zientzia Elkartearen izenean. Bertako biodibertsitatea ezagutzea helburu zuten azterketa horiek etorkizunerako inbertsioa izan nahi zuten. Inguruko ingurumena hobeto ezagutzea izan da beti helburua, inoiz lur horiei buruzko kudeaketa erabakirik hartu beharko balitz, datuak izateko eta horiek kontuan edukitzeko. Hogei urte beranduago, asko dira urte hauetan ikerketa horietako emaitzei buruz publikatu ditugun zientzia artikuluak, liburuak, erreportajeak, txostenak, dibulgazio lanak, hitzaldiak eta kongresuetako aurkezpenak. Izan ere, aipaturiko bailarek ezaugarri bereizgarri asko dituzte, mahai gainean jarri beharrekoak, Urumeako eolikoen itzalean ikusezin bihur ez daitezen.

Ibai Olariaga Aranzadiko ikertzailea, 'Vandesboschia speciosa' populazio baten ikerketan, Kartola errekan. Argazkia: Iñaki Sanz-Azkue

 

Hernani eta Goizueta arteko bailarak, Pirinioen mendebaldeko ertzaren amaieran daude kokatuak, iberiar penintsulako eremu euritsuenetariko batean, itsasotik distantzia txikira. Hor elkartzen dira, beraz, jatorri eurosiberiarreko espezieak, zein mundu osoan Pirinioetan zein inguruetan baino aurkituko ez ditugun espezie endemiko batzuk. 

Uhandre piriniotarra, Mandoegi errekan. Argazkia: Ander Izagirre (Aranzadi)

 

Bailara malkarrak, urtsuak, ilunak eta hezeak dira, hainbat errekastoz osaturiko erreka-zulo sakonak sortzen dituztenak; eta ezaugarri guzti horiei esker, biodibertsitate balio handiko eremuak dira, sarri, Parke Naturaletako hainbat bailara baino aberatsagoak. Ereñotzuko ikerketetako datuek frogatzen baitute, esaterako, bertako landare espezie mehatxatuen %82a babesguneetatik kanpo dagoela. Askok uste dutenaren kontra, babestua ez egoteak ez baitu esan nahi balio gutxiago duten eremuak direnik.

 

Hainbat espezie mehatxatu eta landare endemikoak

Parke eolikoen azpialdean geldituko liratekeen bailaretan egindako ikerketa lanek nabarmentzen dutenaren arabera, bertako errekak eta lurrak hainbat landare mehatxaturen bizileku dira.

Kartolan egindako ikerke­tetan, esaterako, Europako Habitat Zuzentarauean interes berezikoak diren bost habitat nabarmendu dira, babesturiko zazpi landare, onddo espezie bat eta hamalau fauna espezie. Izokina, igaraba, ipurtatsa, basakatua, okil beltza... eta inguruko bailaretan umatzen eta hegan ikusi den arrano beltza, esaterako. Horiek guztiak eta beste hainbat espezie, babestuak egon gabe ere, bailara hauek osatzen duten ekosistema aberatsaren parte dira. Espezie mehatxatuen aterkipean, azken finean, eremu horien osasuna bera kontserbatzea edota hobetzea baita helburua. 

Agerian gelditzen da ikerketa lokalen garrantzia eta horiek bultzatzeko beharra, datu lokalekin ikuspuntu global bateko ikusmira galdu gabe.

Babestuak dauden guzti horien artean, bada bat lau bailaretan aurkitu dena, eta beraz, nabarmendu beharrekoa dena: Soldanella villosa landarea. Espezie hau mundu osoan Euskal Herriko eta inguruko eremu gutxi batzuetan baino ez dugu aurkituko eta EAEko katalogoan kaltebera moduan dago izendatua. 

Hernaniko udalerriaren kasuan, Ereñotzutik gorako bailaretan baino ez da aurkitu ikerketetan. Populazio handienak Kartola eta Sagarreta bailaren iturburuetan eta horietatik gertu topatu dira, Veratrum album espezie mehatxatuaren ale gutxi batzuk tartean direla. Arano eta Mandoegi erreketan ere, iturburutik gertu da ugarien Soldanella villosa. Arreta deitzen du, era berean, 2010ean, landare horren EAEko banaketa koadrikulen %31a Ereñotzun zegoela ikusteak. Herena, alegia. Agerikoa da, beraz, mundu mailan, EAE mailan zein udalerri mailan, banaketa murritza duen espezie horrentzat bailara horiek duten garrantzia espeziearen kontserbazioari begira.

Bailara malkarrak, urtsuak, ilunak eta hezeak dira Urumeakoak, hainbat errekastoz osaturiko erreka-zulo sakonak sortzen dituztenak; eta ezaugarri guzti horiei esker, biodibertsitate balio handiko eremuak dira, sarri Parke Naturaletako hainbat bailara baino aberatsagoak.

Ikerketa lanek aditzera ematen dutenaren arabera, alabaina, landare hau errekaren ur-emari eta uraren dinamika aldaketen aurrean oso sentibera izan daiteke. Horrek, galdera ikur handi bat sortzen du, beraz, parke eolikoak sortu dezakeen inpaktuaren aurrean; are gehiago, dagoen informazio publiko gutxiak erakusten duenean, bailaretako iturburuen goialdean egingo direla pista zabalak eta eolikoen eraikitzeko lanak. 

Iratze paleotropikalak: Tertziario garaiko altxor txikiak

Aipaturiko bailara inguruetan jatorri paleotropikala duten lau landare espezie aurkitu dira. Bata, Prunus lusitanica arbola, desagertzeko zorian moduan katalogatua dagoena Euskal Autonomia Erkidegoan, Kartola inguruko bi bailaretan aurkitu da, eta ez litzateke harritzekoa izango bertan ere izatea, bilaketa sistematikoak egingo balira. Beste hiru espezieak, iratzeak dira: Dryopteris aemula, Hymenophyllum tunbrigense eta Vandenboschia speciosa

Izen zaileko garo horiek Euskal Herrian klima subtropikala zegoenean gailendu ziren Tertziario garaian. Ordutik, naturalki aldatzen joan den klimaren aurrean desagertzen joan dira populazioak, baina Euskal Herriko kostaldeko errekasto batzuetan oraindik nukleo erliktiko batzuk aurkitu daitezke. Vandenboschia speciosaren kasuan, bai Hernaniko bailaretan, bai Aranon zein Goizuetan topatu da espeziea. Hernaniko kasuan, berriz ere, Ereñotzuko erreketan baino ez. Hymenophyllum tunbrigense eta Dryopteris aemula, ordea, oso puntu gutxitan aurkitu dira Urumean, espezie urriak direlako batetik, eta bestetik, haien bilaketarako ikerketa lanik ez delako egin, esaterako, Aranon zein Goizuetan. 

Urteetan egindako ikerketa lanek emaitza ikusgarriak eman dituzte espezie horien presentziari dagokiolarik. Izan ere, 2010ean egindako zientzia artikulu batean nabarmentzen zen, ordura arteko datuak kontuan izanda, Hymenophyllum tunbrigenseren Euskal Herriko banaketaren %33 Ereñotzuko lurretan zegoela. Vandeboschia speciosaren kasuan, ehunekoa handiagoa zen: %37.

Espezie horiek bilatzeko egindako esfortzuak ere izango zuen bere eragina emaitzetan, noski. Horrek, alabaina, ez dio eremuak EAE mailan duen garrantziari balorerik kentzen. Izan ere, iratze paleotropikalen populazio interesgarrienetarikoak eolikoak jarri nahi dituzten azpialdeko bailaretan aurkitzen dira. 

Hori horrela, Kartola eta Sagarreta erreketan egindako aurkikuntzek bultzatuta, 2012an, Granadako Unibertsitateko iker­tzaileak eremu horretako landareak lagintzen aritu ziren gurekin batera. Europa mailako ikerketa bat medio, Vandenboschia speciosaren Europa osoko populazioen genetika ikertu nahi zuten, haien banaketa eboluzioa ezagutzeko eta kontserbaziorako garrantzia izan zezakeela ikusita. 

Emaitzak, beste behin, harrigarriak izan ziren. Izan ere, Ereñotzuko populazioak izan ziren Europan harturiko lagin guztien artean dibertsitate genetiko handiena erakutsi zutenak. Horrez gain, Europa osoan bertan bakarrik aurkitu zen haplotipo bat ere bazuten Ereñotzuko landareek. Ikertzaileen ustez, horrek erakusten du Ereñotzuko populazioak oso gutxi aldatu direla tertziariotik eta populazio egonkorrak mantendu dituztela klima aldaketek ekarritako lehorte eta glaziazio ezberdinen aurrean. 

Europa mailako ikerketa lan horren emaitzetatik ondoriozta daiteke, besteak beste, une honetan Kartolako eta inguruko populazioak kontserbatu beharrekoak direla, ez soilik modu lokalean duten garrantziagatik, baita ikuspuntu global batetik begiratuta ere. 

Europako populazioen artean dibertsitate genetiko handiena duten populazioak izanik, etorkizunean egon daitezkeen klima edota beste mota bateko aldaketen aurrean, malgutasun handiagoa izango dute horiei aurre egiteko. Beraz, espeziearen biziraupenerako, oso populazio garrantzitsuak dira Ereñotzu inguruko iratze horien aleak.  

 

Pirinioetako espezieen ertzeko populazioak

Urumea bailarako baldintzek Pirinioetan ohikoak diren espezieak aurkitzeko aukera ere ematen dute. Biologiaren ikuspuntutik, horietako batzuen jarraipena egitea interesgarria da, ertzeko populazioak izanik, klima aldaketaren aurrean zaurgarriagoak izango direlako edota batek daki, ohituagoak tenperatura altuetara. Hori da, esaterako, uhandre piriniotarraren (Calotriton asper) kasua. 

2019ko udan, Mandoegi errekan aurkitu zen aurreneko aldiz uhandre piriniotarra. Uhandre hau, mundu osoan Pirinioetako errekasto batzuetan baino ez dago. Geroztik ere, ordea, egin dira miaketak Arano errekan, Kartolan eta Sagarretan ere, baina ez da aurkitu horietan, nahiz eta garai batean egon izana posible den eta ezin den ziurtatu egun populazio txikirik ba ote den. Horrek erakusten du, beraz, Mandoegikoa Pirinioetan mendebaldeen dagoen populazioa izan daitekeela, Leitzarango aldean dagoenarekin batera. Duen interesagatik, jada, martxan jarri dira hainbat ikerketa erreka horietan.  

Uhandre piriniotarrarekin batera, ordea, Goizueta eta Aranoko erreketan ere aurkitu da muturluze piriniotarra (Galemys pyrenaicus), gainbehera larrian dagoena gurean. Bi espezie horiek, erreka hotzak, garbiak eta ondo oxigenatuak behar dituzte, eta beraz, kalitate oso altuko errekak. Hargatik, agian, Kartola errekan aurkitu ez bada ere, muturluze piriniotarrarentzat 'interes bereziko eremu' bezala du katalogatua Eusko Jaurlaritzak, bai eta desagertzeko zorian dagoen bisoi europarrarentzat ere. Pista berrien eraikuntzak sortzen dituzten higadurak eta sedimentu ekarpenak, esaterako, kaltegarriak zaizkie horiei, bai eta deforestazioak ere.

Biodibertsitate handiko gunea

Une honetan, klima aldaketarekin batera, biodibertsitatearen galera saihestea da zientzialarientzat mundu mailan dagoen lehentasun handienetariko bat. Munduan 46.300 espezie desagertzeko zorian daude. Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Elkartearen (IUCN) datuen arabera, ebaluatu diren espezieen %28a, alegia. Horretarako, eremu gehiago babesteko eta kontserbazio neurriak hartzeko beharra ikusten da.

Hainbat landare mehatxaturen bizileku dira parke eolikoen azpialdean geratuko liratekeen bailaretako errekak eta lurrak. Hala nabarmendu dute bertan egindako ikerketa lanek.

Parke eolikoa sortzeko helburu nagusia trantsizio energetikoa bultzatzea eta klima aldaketaren kontra egitea bada, jasangarritasunaren izenean ez luke ez hanka, ez buru, horrek, era berean, biodibertsitatearen galera handi bat sortzea. Urumean sortu nahi diren parke eolikoei buruz publiko egin den informazio urriak erakusten duenaren arabera, 27,5 kilometroko pista zabal bat eraikitzeko asmoa dago bertan, hasi Urnietako Besadegitik (Besabi) eta aipaturiko lau bailaretako iturburuen goiko aldetik barrena, Mandoegiraino. Horrez gain, haize-errotak jartzeko obra guztiak leudeke eta Oiartzuneraino luzatuko litzatekeen 21 kilometroko ebakuazio linea bat, atera den informazioak dioenaren arabera.

Emandako adibideak Kartola, Sagarreta, Arano eta Mandoegi erreken lagin txiki bat baino ez dira, horietako gehienak, ordea, iturburuei, errekei eta bailarako aldaketekiko oso sentikorrak direnak. Aurkezturiko espezie horiekin, ordea, jada garbi ikusten da, bertako herrietako biodibertsitatearentzat ez ezik, bai Urumea bailararako, bai Euskal Autonomia Erkidegoko zein Nafarroako biodibertsitatearentzat ere eremu garrantzitsuak direla aipaturikoak, hainbat espezie mehatxaturen ezagutzen diren populazio handienetarikoak bertan aurkitu baitira. 

Hori gutxi ez eta, aurkezturiko espezie batzuen mundu mailako banaketa murritza dela eta, edota duten dibertsitate genetikoa dela eta, bailara horietako populazioak Europa mailan ere garrantzi berezia hartzen dutela agerikoa da.

Veratrum album
 

Ikuspuntu lokaletik haratago, beraz, aipaturiko bailara horien garrantzia askoz globalagoa da. Lurralde historikoei dagokien biodibertsitatea kontserbatzeko estrategiatik begiratuta, funtzio garrantzitsua betetzen dute, Leitzaran eta Urumea bezalako eremu babestuen arteko korridore naturalak direlako. Ez da harritzekoa, beraz, Eusko Jaurlaritzak 2005ean egindako Euskal Autonomia Erkidegoko korridore ekologikoen sarean, korridore ekologikoen aldameneko indargetze eremuan kokatzea bai Kartola, bai Sagarreta erreken bailarak. Eta ez da harritzekoa, era berean, duela urte batzuk, Kartola eta Sagarreta Kontserbazio Bereziko Eremu bihurtzeko proposamena bultzatzeko prest egon izana Eusko Jaurlaritza bera. Orduan, behintzat, gure datuak nahikoak omen ziren hori onartzeko.

Klima aldaketari eta biodibertsitate galerari aurre egiteko, ondo diseinaturiko desazkunde ordenatu baten beharra ezinbestekoa ikusten da, etorkizunean nahitaezko desazkunde bortitz batekin topo egin nahi ez badu gizarteak. Egun, jada, trantsizio energetiko baten erdian murgildurik, trantsizio hori maila orokorragoko antolaketarekin, modu ordenatuan eta zentzuarekin behar da egin, ikuspuntu lokalean zein globalean pentsatuz. Presak ez dira inoiz izan onak eta presen aitzakian hanka sartzeak atzera bueltarik gabeko kalteak ere ekar ditzake.

Hymenophyllum tunbrigense.

Ikertzaileak ikerketak egiteko daude, eta bertako datuak mahai gainean jarri eta gizartearen esku jartzeko. Beste behin, beraz, agerian gelditzen da ikerketa lokalen garrantzia eta horiek bultzatzeko beharra, datu lokalekin ikuspuntu global bateko ikusmira galdu gabe. Horiei esker eztabaidak demokratikoagoak dira, hasteko. Izan ere, hogei urtetako ikerketei esker, orain bai, gehiago ezagutzen dugu Urumeako eolikoen itzalean ezkutatzen den mundua.

Prumus lusitanica
 

Ez naiz ni izango gure herrian parke eoliko bat jartzearen kontra egingo duena soilik gure herrian eraikiko dela arrazoitzat emanez. Parke eolikoak beharrezkoak dira eta ikuspegi zabalago batetik egin behar da horiek non jarri aukeratzeko prozesua, hainbat aldagai kontuan izanda. Aldagai horien artean, ordea, ezinbestekoa da biodibertsitatearen inpaktua kontuan izatea. 

Soldanella Villosa
 

Beti sortuko du inpaktua parke eoliko bat sortzeak, baina biodibertsitateak ez du balore bera leku guztietan. Hernanin bertan, datuek beraiek erakusten dute, espezie mehatxatu asko Ereñotzuko erreketan aurkitu direla, eta ez Ereñotzutik Hernanira aldekoetan. Hori horrela izanda, hogei urtetako ikerketa lanen ostean, datuak mahai gainean jartzeko garaia da. Ikerketa batzuk diruz lagunduak izan dira eta lagunduriko administrazioak berak ditu. Beste asko, ordea, gure kabuz egindakoak izan dira, Aranzadi Zientzia Elkartearen izenean, eta publikatuak daude sarean edonork ikusteko moduan.

Vandenboschia speciosa
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!