Astean zehar jokatutako jardunaldian emaitza onak lortu dituzte Hernaniko taldeek. Euskal Ligako neskek 1-0 irabazi zuten Añorgaren aurka, eta Ohorezko Erregional mailako mutilek 3-0 gainditu zuten Zarautz.
Gizonezkoen taldeak, ordea, ez du garaipenaz gozatzeko tarte haundirik izango. Bihar arratsaldean jokatuko dute asteburuko partidua, Oñatin, Aloña Mendiren aurka. Denboraldi kaxkarra egiten ari da Hernani, eta ostegunean lortutako hiru puntuak oso garrantzitsuak izan ziren beheko postuetatik pixka bat urruntzeko. Aloña Mendiri irabaziko balio, aurrerapauso garrantzitsua emango luke Hernanik mailari eusteko.
Oñatiarrak sailkapenaren azpialdean daude, azkenaurrenak dira. Azken lau partiduetan ez dute garaipenik eskuratu, baina Arrasateren aurka 2-2 berdintzetik iritsiko dira biharko partidura, eta hiru puntuen bila zelairatuko dira.
Aurkari zuzenaren aurkako partidua du Mundarrok
Bolada gorabeheratsuan dabil Mundarro, eta azpiko postuetatik aparte dagoen arren, puntuak pilatzea komeni zaio ligako azken hiru partidutan. Gaur arratsaldean, 16:00etan hasita, Allerru aurkari zuzenaren bisita jasoko du Zarkumendegin. Hamaikagarren sailkatua da Mundarro, eta hamahirugarren postuan daude lezoarrak; hortaz, gaur hiru puntuak lortuta, zuloa irekiko luke talde astigartarrak.
Azken bi partiduak ere aurkari zuzenen aurka jokatuko ditu Mundarrok; azkenaurrena Usurbilen zelaian jokatuko dute, eta azkena etxean, Zarkumendegin, Getariaren aurka. Taldea gogoz dago.