Zerk lotzen ditu kebaba, sagardoa, San Isidro eta Euskaraldia? Bertsolaritzak!

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 3a, 00:00

Kebabean kantatuko du Asier Azpirozek eta Euskaraldiko poteoan Andoni Mujikak.

Eguraldi onaz gain, bertsoa ere ekarriko du bailarara maiatzak. San Isidro eguna, Euskaraldia, txotx boladaren amaiera... edozein aitzakia da ona saio bat antolatzeko. Pentsa, kebabera ere iritsiko da bertsoa. 

Gauza asko ekarri ohi ditu maiatzak Urumea bailarara. Gerturatzen ari da udara, eta horrek nabarmen haunditzen du jendearen festarako gogoa. Horixe islatzen du bertso-egutegiak ere: festa non, bertsolariak han. Ekintzaz betetako hilabetean protagonismo haundia izango dute bertsoek; izan Euskaraldian, San Isidro egunean edo kebabean. 

Bai, bai, ongi irakurri duzue! Andrekaleko Pak Eusko kebabean antolatu du maiatzeko bertso afaria Hernaniko Paulo Txikiya Bertso Eskolak. Proposamen berritzailea izanagatik, ohiko afalosteko saioa izango da, maiatzaren 9an, iluntzeko 20:30etan hasita. Kantuan Asier Azpiroz 'Azpi' eta Oihana Arana bertsolariak arituko dira. 

Egun berean, hilaren 9an, Alorrenea sagardotegian arituko dira Xabat eta Joanes Illarregi anaiak. Kasu honetan, herriko zenbait musikariren laguntzarekin osatuko dute saioaren bigarren zatia. Afari honetarako sarrerak agortuta daude dagoeneko.

Asteburua borobiltzeko, maiatzaren 10ean Elur Txori elkarteak hartuko du lekukoa, Maialen Lujanbioren eta Andoni Rekondoren saioarekin.

San Isidro eta Euskaraldia, bertsoz beteta

San Isidro egunean Ohiko omenaldia egingo dute Hernanin, goizeko 11:00ak aldera. Pala, pelota eta herri kirol saioa izango dira Tilosetan, eta Paulo Txikiyako bertsolariek girotuko dute eguerdia. Astigarragan ere egun osoko egitaraua prestatu dute, eta 13:00etan hasiko dira kantuan Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso. 

Euskaraldiari dagokionez, hilaren 15ean bertso poteoa izango da Hernaniko Kaxkoan. Kantuan Andoni Mujika eta Iker Ormazabal arituko dira. Astigarragan, berriz, bertso pelota jaialdia izango da hilaren 17an.

HERNANI

MAIATZAK 9

20:30 Bertso afaria Andrekaleko Pak Eusko Kebabean. Bertsolariak: Asier Azpiroz eta Oihana Arana.

MAIATZAK 10

20:30 Bertso afaria Elur Txori elkartean. Bertsolariak: Maialen Lujanbio eta Andoni Rekondo. Txartelak salgai Garinen,
Aralarren eta Elur Txorin.

MAIATZAK 15

11:00 San Isidro eguneko bertso saioa, Tilosetan. Hernaniko Bertso Eskolako bertsolariekin.

18:30 Euskaraldia hasteko bertso poteoa, Hernaniko Kaxkoan. Bertsolariak: Iker Ormazabak 'Tturko' eta Andoni Mujika 'Anatx'.

ASTIGARRAGA

MAIATZAK 9

20:30 Bertso afaria Alorrenea sagardotegian. Bertsolariak: Joanes Illarregi eta Xabat
Illarregi.

MAIATZAK 10

11:30 'Zabor artean, bertsoa garbi' bertso saioa. Bertsolariak: Arantzazuko Amako ikasleak.

MAIATZAK 15

13:00 San Isidro eguneko bertso saioa, Foru plazan. Bertsolariak: Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso.

13:00 San Isidro eguneko saioa, Zamalbiden. Bertsolariak: Emaitz Murua eta Anjel Mari Peñagarikano.

MAIATZAK 17

11:00 Euskaraldiko bertso pelota saioxka. Bertsolariak: Agin Laburu eta Andoni Rekondo.

GOIZUETA

GAUR

19:30 Bertsolariak Txino auzoko festetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!