Langilearen Nazioarteko Eguna gaur, erreibindikaziorako eguna izango da

Kronika - Erredakzioa 2025ko mai. 1a, 00:00

Maiatzak 1eko manifestazioa Hernanin 18:30etan hasiko da.

Hernanin manifestazioa 18:30etan abiatuko da Gudarien Plazatik LAB sindikatuak deituta.

Manifestazioak eta mobilizazioak izango dira gaur Euskal Herriko txoko guztietan, baita Hernanin ere. Sindikatu eta kontseilu nagusiek mobilizatzeko deia egin dute Langileen Nazioarteko Egunean, aldarrikapen ezberdinak tartekatuta. 

LAB sindikatuak zazpi manifestazio deitu ditu Euskal Herriko hiriburuetan eta Donostiakoa eguerdiko 12:00etan abiatuko da, Easo plazatik. Hernanin ere izango da manifestazioa LABek deituta, Gudarien Plazatik abiatuta, arratsaldeko 18:30etatik aurrera. 

LAB: 'Patronala, esplotatzailea! Langileen alde, gutxeineko soldata eta pentsioak hemen erabaki'

LABek hitzetan: «Kapitalismoak mundu mailako krisi ekosoziala eragin du. Bestelako eredu baten alde egiteko unea da, denon bizitzak erdigunean jarriko dituena; enplegua, zaintza lanak eta ondasuna era justuan banatuko dituena. Eredu aldaketa eragotzi eta zanpaketari eusteko xedez, elite ekonomikoek gerra estrategiari eutsi eta olatu erreakzioarioa hauspotu dute. Euskal Herrian militarismoaren, arrazakeriaren edota indarkeria matxistaren eragina nabarmena bada ere, hemen badago eremu sozial, sindikal eta politiko zabala denon eskubideen alde egiteko prest».

«Patronala aseezina da. Gero eta etekin gehiago metatu nahi du. Ekonomia moteltzen den garaietan, krisia langileok ordain dezagun presio egiten du. Enpresei ongi doakienean, berriz, irabaziak akziodunen artean banatu eta langileon lan baldintzak hobetzeari uko egiten dio, areago, kaskartzen jarraitzen du».

ELA: ‘Gutxieneko soldata, hemen erabaki’

ELA sindikatuak bi manifestazio nazional egingo ditu maiatzaren 1ean, biak goizeko 11:30etan; Bilbokoa Jesusen Bihotzatik abiatuko da, eta Iruñekoa Erorien Monumentutik. 

Hautatutako leloari jarraiki, ELAk 1.795 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzen du, «aberastasunaren banaketa justuagoa izan dadin»: «Negoziazio kolektiboaren eta prekaritatearen kontrako borrokaren emaitzek ELAren hautua, kontrabotere ereduaren aldekoa, berrestera garamatzate; Euskal Herrian erabakitako gutxieneko soldata bide horretan beste urrats bat dugu», adierazi zuen Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!