Sagardoaren Txapelketan ez zen itzalaldirik izan, eta erremontari izarrek Galarreta argitu zuten, erraz ahaztuko ez den lehenengo jardunaldian. Jardunaldia ez zen bertan behera geratu, eta bi partidu ikusgarri izan ziren Galarretan. Lehenengo partiduan Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxeak 2-1 (13-15, 15-4 eta 8-3) lortu zuten garaipena, Imanol Ansaren eta Aritz Zubiriren aurka. Beraz, hiru puntu batu zituen Oialume Zar sagardotegiak, eta bakarra Aburuzak. Bigarren partiduak antzekotasun haundia izan zuen. Hemen ere urdinek irabazi zuten, Josetxo Ezkurrak eta Aritz Juaneneak 2-1 (12-15, 15-6 eta 8-5), Beñat Segurolaren eta Xabier Azpirozen aurka. Hortaz, Bereziartuak hiru puntu dauzka, eta Alorreneak bakarra.