Batek baino gehiagok botako zuen maldiziorik astelehenean, eguerdiko 12:35ak aldera, argia joan zenean. Urumea bailarako edozein komertzio, taberna, bulego, eskola edo etxetako egoera izango zen horixe. Baina une horretan inork gutxik imajinatu zezakeen, Iberiar penintsula osoan gertatu zela itzalaldia. Eta are gutxiago, luzerako zijoala toki batzuetan.
Gaur goizerako normaltasunera bueltan da, gutxi-asko, bailara osoa. Baina asteleheneko egoera ez zen berbera izan toki guztietan. Ereñotzun, Aranon eta Goizuetan, esaterako, berehala berreskuratu zuten argindarra. Ez zuten luzeegi itxaron behar izan Astigarragako erdi batean edota Hernaniko Zikuñaga auzoan ere. Baina astigartarren beste erdiak eta hernaniar gehienek, ez zuten argirik eta tresna elektrikorik piztuta ikusi iluntzera arte. Gipuzkoa osoan berantiarrenetakoak izan ziren argindarra berreskuratzen, eta zortzi orduz egon ziren inkomunikatuta, telefono linearik eta interneteko konexiorik ere ez zegoelako.
Goizuetan eta Aranon, normaltasunetik gertu
Itzalaldiak bailarako bi herri nafarretan izan zuen eragin gutxien, bi alkateek Kronikari baieztatu ziotenez. Goizuetan ordu erdi inguruz sumatu zuten argindarraren falta, eta 13:15ak ematerako bueltan zuten. Telefonoarekin eta internetarekin izan zituzten gorabehera batzuk arratsaldean zehar, eta baita gaur ere, telefonia konpainiaren arabera. «Baina horretara nahiko ohituta gaude, eta tarteka tokatzen zaigu, guri bakarrik. Beraz, nolabaiteko normaltasuna izan genuen herrian», aitortu du Unai Miranda alkateak.
Aranon ere berehala bueltatu zen argindarra, 13:30ak alderako. Telefono linea ere azkar xamar berreskuratu zuten zenbaitek, baina arazo gehiago izan zituen beste batzuek, estaldurarekin. Internetarekin izan zuten arazo gutxien aranoarrek, Guifinet sareari esker.
Argindarra bai baina telefono eta internet seinalerik ez, Ereñotzun
Bailarako goiko bizilagunek bezalaxe, nahiko azkar izan zuten argindarra bueltan, ereñotzuarrek ere. 13:30ak alderako piztu ziren berriro argiak, ordenagailuak edota makinak. Interneteko konexiorik eta telefono linearik, ordea, ez zuten izan iluntzera arte.
Notifikazio sorta ederra jaso zuten zenbaitek arratsaldean, Hernanira bidean Zikuñaga ondotik pasatzean, tarte batez seinalea berreskuratu zutenean.
Iluntzera arte argindarrik gabe, Hernaniko toki gehien-gehienetan
Zikuñaga izan zen Hernaniko salbuespena, aurrez aipatu bezala. Herriko gainerako tokietan ez zuten argindarrik izan ia zortzi orduz, 12:35etatik iluntzeko 20:30ak aldera arte. Hasiera batean interneteko konexioak eutsi zion tarte batez, itzalaldiaren dimentsioa sareen bitartez ezagutzeko adina; baina hori ere galdu zen berehala, eta inkomunikatuta egon ziren hernaniar gehienak iluntzera arte, argindarraren paretsu bueltatu baitzen interneta ere, gorabeherekin. Telefono linea, aldiz, ez da guztiz berrezarri gaur goizera arte.
Itzalaldia gertatu eta berehala hasi ziren abixuak jasotzen Hernaniko udaltzainak, laguntza eske. Aurrenekoetakoa Eroskitik, emakume heldu bat igogailuan harrapatuta geratu zela eta. Beste interbentzio asko, hain juxtu, igogailuen ordezko gisa egin behar izan zituzten, bizilagunak etxeetara igotzeko, lau lagunen artean.
Harrapatuta ez, baizik eta denda itxi ezinik geratu ziren zenbait, farmazietan esaterako, ate automatikoak dauzkatelako. Komertzio askok itxi zituzten establezimenduak itzalaldiarekin, salmentarik ezin egin zezaketelako argindarrik gabe: ez barra kodeen irakurtzailerik, ez datafonorik... Batzuek esku diruarekin jarraitu zuten lanean.
Trafikoari dagokionez, Axalako eta Elkanoko semaforoetan jarri zuten arreta udaltzainek, baina ez zen arazorik izan, trafiko haundiko errepideak ere ez direlako bertakoak. Eta arratsaldean, kaleetan zehar ibili ziren erronda egiten, jendearen abixuak eta laguntza eskeak jasotzeko, horretarako telefonorik ezin baitzitekeen erabili.
Astigarraga 'zaharra' normaltasunez, eta 'berria' argindarrik gabe
Astigarragan, bietatik izan zuen asteleheneko itzalaldiak. Herriaren erdian, alde 'zaharrean', berehala bueltatu zen argindarra, 14:30ak eta 15:00ak artean. Aldiz, Hernanin bezalaxe, iluntzera arte izan ziren argindarrik gabe Astigarragako beste erdian, alde 'berrian'; Arrobitxulon, Urumea Berrin eta Ergobin, hain juxtu. Horietan, 20:30ak aldera bueltatu zen argia.
Zerbitzu batzuk eten egin ziren itzalaldiaren eraginez, eta kaleko igogailuak ere desaktibatu egin zituzten badaezpada. Bakarren bat geratu zen etxeko igogailuan harrapatuta, baina berehala konpondu zuten arazoa. Aparteko trabarik ez zen izan herrian, eta are gutxiago trafikoari dagokionez, semaforik ez baitago bestela ere.
Internetarekin eta telefono linearekin izan zituzten gorabehera batzuk; orain bai, orain ez. Baina dagoeneko bueltatu dira normaltasunera.
Hernaniko aspiestazioelektrikoa, «oso garrantzitsua»
Bitxia da, Hernanin itzalaldia hainbeste luzatuta, Hernaniko aspiestazio elektrikoa oso garrantzitsua izan zela Euskal Autonomia Erkidegoan itzalaldiaren eragina gutxitzeko. Hala aitortu du gaur Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak: Frantziako mugatik gertu egonda, azpiestazioaren posizioa estrategikoa da; eta horrek ahalbidetu zuen Frantziatik erreskaterako iritsi zen energia Gipuzkoatik sartzea, gerora Espainiako iparraldera zabaltzeko. Horri esker, argindarra berehala bueltatu zen Donostiara eta inguruko beste hainbat herritara. Ez, ordea, Hernanira.