Itzalaldiak inkomunikatuta dauka Urumea bailara, oraindik ere

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 28a, 17:51

Eguerdiko 12:40ak aldera izan da itzalaldia Urumea bailarako herrietan, Iberiar penintsula osoan bezalaxe. Beste toki askotan ez bezala, bailaran oraindik ez dira berrezarri argindarra, telefono linea eta interneteko konexioa.

Bat-batean joan da argia Urumea bailarako etxe, bulego, establezimendu edota enpresetan, gaur eguerdiko 12:40ak aldera. Baina minutu gutxiko kontua izatea espero genuena, ordu luzetako arazo bilakatu da bailaran, dagoeneko. Handik gutxira jakin dute, interneteko konexioari behintzat eutsi diotenek, Iberiar penintsula osoan gertatu dela itzalaldia aldi berean.

Horrek berehala eragin du ezinegona eta nahasmena. Jarduera guztiak etenda, semaforoak itzalita... Pixkanaka joan da argindarra berrezartzen, esate baterako, Astigarraga eta Hernani inguruko zenbait herritan. Batzuetan minutu gutxira, besteetan ordu batzuk pasata. Baina Urumea bailarako herriek argindarrik eta telefono linearik gabe jarraitzen dute, eta horiek ez ezik, interneteko konexioa ere galdu da handik pixka batera.

Hortaz, une honetan, inkomunikatuta jarraitzen du Urumea bailarak, itzalaldiaren eraginez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!