Aste honetan hasiko da Herriarteko Txapelketa, eskuz zein palaz

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 28a, 00:00

Astigarragaren ordezkariak, eskuzko Herriarteko Txapelketan.

Ostegunean ekingo dio Astigarragak eskuzko lehiari, 20:30etan hasita Txomiñenen, Zegamaren kontra.

Hastear da urteko torneo politenetako bat. Aste honetan ekingo diote Gipuzkoako Herriarteko Txapelketari, eskuz zein paleta gomaz; eta bietan izango dira lehian Astigarraga eta Hernani. Dena den, une ezberdinetan sartuko da bakoitza txapelketan.

Goiztiarrenak esku pelotari astigartarrak izango dira. Ostegun honetan bertan jokatuko dituzte aurreneko partiduak, final hamaseirenetan ekingo baitiote. Horrela, Txomiñenen jokatuko dute kanporaketaren joanekoa, iluntzeko 20:30etan, Zegamaren kontra. Frontoira gerturatu eta herriko pelotariak animatzeko deia egin diete astigartarrei.

Talde polita osatu du Astigarragak aurtengo txapelketa jokatzeko: Oier Gurutzealde, Aimar Mujika, Eñaut Lizeaga, Xuban Goñi eta Xabier Barandiaran seniorrak; Aimar Zabala jubenila; eta Oier Galarraga, Imanol Ormazabal eta Enaitz Isasti kadeteak.

Zegama menderatuz gero, Beasainen kontra jokatuko luke Astigarragak final zortzirenetan.

Fase horretan ekingo dio Hernanik eskuzko lehiari, bi aste barru. Eibarren eta Usurbilen arteko kanporaketa irabazten duena izango du kontrario Hernanik, eta etxean jokatuko du bueltakoa. Gainera, badaki zeinen kontra jokatuko duen final laurdenetan, aurrera eginez gero: Zaldibia dauka zain, iazko txapeldunordea.

Denera 21 herrik hartuko du­te parte eskuzko txapelketan, joan den urtean baino hiru gehi­ago. Finala ekainaren 28an jokatuko dute, Donostiako Atano III frontoian, 10:30etan; eta ETB1ek zuzenean eskainiko du.

 

Gomazko paletaz, Hernani final zortzirenetan eta 
Astigarraga final laurdenetan

Gomazko paletako txapelketan ere ariko dira hernaniarrak eta astigartarrak, baina ez diote aste honetan ekingo lehiari. Are gehiago, astigartarrek hilabete itxaron beharko dute oraindik, final laurdenetan hasiko baitute Herriartekoa, joan den urtean txapeldunorde izanik.

Lehenago ekingo dio Hernanik, final zortzirenetan, bi aste barru. Kontrarioa ezezaguna du oraindik: Zarautzen eta Lasarte-Oriaren arteko kanporaketa irabazten duena izango dute aurrean. Hura menderatuz gero, hernaniarrek Aia daukate zain final laurdenetan.

Astigarragak, berriz, Azkoitia edo Zumarraga izango du aurkari final laurdenetako kanporaketa horretan.

Joan den urtean bezala, 14 herri ariko dira gomazko paletako lehian, final hamaseirenetan hasita. Ekainaren 29an jokatuko da finala, baina oraindik ez dute zehaztu non.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!