Aritz Zubiri eta Endika Barrenetxea aurrez aurre gaur, Sagardoaren Txapelketaren estreinakoan

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 28a, 00:00

Zubiri eta Barrenetxea, hernaniarraren final baterako pelota aukeraketan.

Goizuetarrak Ansarekin jokatuko du, eta hernaniarrak Aldaberekin, 18:00etan hasita Galarretan, bi partidu haundiko jaialdian.

Gaur hasiko da Sagardoaren Txapelketa, eta aldaketarekin dator estreinako jaialdia. Izan ere, Javier Urriza ez da jokatzeko moduan izango, ezusteko familiar larri bat tarteko. Gauzak horrela, Imanol Ansak eta Aritz Zubirik hartuko dute Urrizaren eta Iban Larrañagaren tokia, gaurko karteleran; eta haiek jokatuko dute Kemen Aldaberen eta Endika Barrenetxearen kontra. Hortaz, aurrez aurre izango dira goizuetarra eta hernaniarra, bi lagun haundi, atzeko koadroetan. 

Aburuza sagardotegiaren ordezkari dira Ansa eta Zubiri, eta Oialume Zarren izenean ariko dira Aldabe eta Barrenetxea. Partidu ikusgarria espero da, arratsaldeko 18:00etan hasita Galarreta frontoian.

Gainera, beste partidu haundi bat ere jokatuko da segidan, hori ere Sagardoaren Txapelketakoa: Beñat Segurola eta Xabier Azpiroz (Alorrenea), Josetxo Ezkurraren eta Aritz Juanenearen (Bereziartua) kontra.

Azkenaldian ohi bezala, hiru setera jokatuko dituzte partiduak, Sagardoaren Txapelketa honetan ere. Garrantzitsua izango da torneoari ondo ekitea, launa partidu jokatuko baitituzte ligaxkan, aurrera egiteko.

Hernaniarrek, sarrera doan

Gaurko jaialdian, gainera, hernaniarrek doan izango dute Galarretarako sarrera, Oriamendi enpresaren eta Hernaniko Udalaren arteko lankidetzari esker. Herritarrek nahikoa izango dute lehiatilan NANa erakustea, sarrera bana eskuratzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!