Mobilizazio ugari izango dira ostegunean, Langileen Nazioarteko Eguna dela eta

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 26a, 00:00

Zazpi manifestazio deitu ditu LABek, Euskal Herriko hiriburuetan.

Euskal Herri mailako sindikatu eta kontseilu nagusiek kaleak hartzeko deia egin dute aurtengoan ere. Manifestazio nazionalak deitu dituzte hiriburu gehienetan, erakunde bakoitzaren aldarrikapenak babesteko.

Manifestazioak eta mobilizazioak izango dira ostegun honetan Euskal Herriko txoko guztietan. Sindikatu eta kontseilu nagusiek mobilizatzeko deia egin dute Langileen Nazioarteko Egunean, aldarrikapen ezberdinak tartekatuta. 

 

LAB: 'Patronala, esplotatzailea! Langileen alde, gutxineko soldata eta pentsioak hemen erabaki'

Aurtengoan LAB sindikatuak zazpi manifestazio deitu ditu Euskal Herrian. Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Tuteran, Baionan eta Maulen egingo dituzte mobilizazioak. Donostiako eguerdiko 12:00etan abiatuko da, Easo plazatik. 

Deialdiaren aurkezpenean burujabetza haundiagotzeko beharraz hitz egin zuen Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak: «Nazioarteko testuingurua geroz eta korapilatsuagoa da. Kapitalaren logika planeta nahiz herritarren bizitza kolokan jartzen ari da, krisi ekologikoak, militarismoak, behartutako migrazio prozesu erraldoiek, indarkeria matxistak edota prekaritatearen hedapenak adierazten dutenez. Testuinguru honetan, are eta garrantzitsuagoa da Euskal Herriak ahalik eta burujabetza haundiena izatea, bizitza erdigunean jarriko duen eredu sozioekonomikoa eraikitzeko». 

 

ELA: ‘Gutxieneko soldata, hemen erabaki’

ELA sindikatuak bi manifestazio nazional egingo ditu maiatzaren 1ean, biak goizeko 11:30etan; Bilbokoa Jesusen Bihotzatik abiatuko da, eta Iruñekoa Erorien Monumentutik. 

Hautatutako leloari jarraiki, ELAk 1.795 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzen du, «aberastasunaren banaketa justuagoa izan dadin»: «Negoziazio kolektiboaren eta prekaritatearen kontrako borrokaren emaitzek ELAren hautua, kontrabotere ereduaren aldekoa, berrestera garamatzate; Euskal Herrian erabakitako gutxieneko soldata bide horretan beste urrats bat dugu», adierazi zuen Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak. 

 

EHKS: 'Gerra inperialistari ez! Europako estatuen berrarmatzearen aurka'

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistaren kasuan, manifestazio nazional bakarra egingo dute. Bilbon izango da mobilizazioa. 

Deialdiarekin batera argitaratutako irakurketan zehaztu dute «kaleak hartzeko» unea dela: «Langile klaseko antolakundeen, kolektiboen eta norbanakoen batasuna beharrezkoa da gerrari eta estatuen berrarmatzeari aurre egiteko. Sozialdemokrazia kanpoan utzita egin behar dugu hau, eta iruzur instituzionaletatik eta beraien alderdietatik kanpo». 

 

UGT eta CCOO: 'Konkistatutakoa babestu, etorkizuna irabazi'

CCOO eta UGT sindikatuek egingo dituzten 50 mobilizazioen leloa aurkeztu zuten. 'Konkistatutakoa babestu, etorkizuna irabazi' goiburupean. Sindikatuek Donald Trump agintera heldu zenetik AEBko Administrazioak martxan jarri dituen politikak baztertu nahi dituzte, eta lanaldia murriztea bigarren maila batean utzi nahi dute, erreklamazioen barruan. Langileen ordezkariek salatu dutenez, muga-zergez haratago, agintari estatubatuarra Europako eredu soziala zalantzan jarri eta Europar Batasunaren zerga-politika zehazten saiatzen ari da.

 

Bilbon izango da EHKSren manifestazioa.
 
 
Gutxieneko soldata izango da ELAren aldarrikapenen ardatza.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!