Iazko ekitaldiko errenta eta ondarea aitortzeko kanpaina apirilaren hasieran ekin zioten Hego Euskal Herriko foru ogasunek, eta horiekin bat egin zuten UEMAk, errenta aitorpena euskeraz egiteko kanpaina abiaraziz. Kanpaina honen helburua da herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatzea. Izan ere, urtez urte, errenta euskeraz egiten duen herritarren kopurua goranzko joera hartzen ari den arren, «errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik», aitortu du UEMAK, eta horretan eragin nahi dute aurten ere.
Hernanik bat egin du kanpainarekin eta Hernaniko zergadunen kasuan, %24ak egin zuen errenta aitorpena euskeraz, eta Udalak emandako datuen arabera, kopuru horretan mantendu da azken urteetan. Horrexegatik, Udalak hernaniarrak errenta aitorpena euskeraz egitera animatu nahi ditu.
Mezu berdina, kasu guztietan
Ohi moduan, UEMAK, udalekin eta hainbat erakunde publikorekin elkarlanean bideratzen du errenta euskaraz egiteko kanpaina, eta foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak moldatzen du bere beharren arabera: «Mezu orokorra berbera da kasu guztietan, baina foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak bere errealitate soziolinguistikoaren arabera moldatzen du kanpaina eta mezua. Baita udal bakoitzak ere, dagozkion datuekin eta bilakaerarekin».
Gipuzkoako egoera soziolinguistikoari dagokionez UEMAk dio ez dela herritarren joera erakusten duen aldagai bakarra: «Batzuetan alde haundia dago euskaldun indizearen eta errenta euskaraz egiten dutenen artean. Dena dela, udalerririk euskaldunenetan egiten dira aitorpen gehien euskaraz, zenbakiak eta ehunekoak oso aldakorrak diren arren lurralde batetik bestera».
Gipuzkoan, esaterako, Zerain (%72), Orexa (%67), Ataun eta Baliarrain (%62), Amezketa (%60) dira iaz euskaraz errenta aitorpen gehien egin zituzten herriak, ehunekoetan. Bizkaian, berriz, Mendexa (%27), Amoroto (%25), Aulesti (%22), Ispaster (%20) eta Berriatua (%17).
Nafarroari dagokionez, UEMAk ondorengoa jakinarazi du: «aurreko urtekoekin alderatuta, aldaketa txikia izan da, eta UEMAko kide diren Nafarroako udalerri guztiak %0 eta %10 bitarteko portzentaian mantentzen dira».
Autolikidazio proposamena, mekanizatua edota internet bidezkoa, euskeraz
Errenta aitorpena euskeraz egiteko zenbait aholku eman ditu UEMAk autolikidazio proposamenean, modu mekanizatuan, edota internet bidezkoan. Autolikidazio proposamenaren kasuan, jasotako proposamena onartzerakoan, «telefonoz zein internet bidez, euskeraz egin nahi duzula esan», eta modu honetara, aurrerantzean ogasunak agiriak euskeraz bidaliko dizkizu.
Mekanizatuari dagokionez, hitzordua eskatzerakoan, UMEMAk gomendatu du adierazteko ogasunarekin harremanak euskeraz izan nahi dituzula: «horrela eskatuz gero, ogasunarekin harrmana euskeraz izan dezakezu, bai aurrez aurre, eta bai telefonoz zein Internet bidez ere».
Internet bidez, berriz, errenta programaren euskerazko bertsioa jaisteko aholkatu du UEMAk, «hobetsitako hizkuntza atalean, 'euskera' hautatu». Era berean, aholkularitzaren bat aukeratzen bada, «berariaz adierazi beharko duzu aitorpena euskeraz egin nahi duzula».